Kaixo Juanito. Eskertzen dizut pasa den hilaren 12an, kronika batean argitaratutako eskutitza. Lehenik eta behin, eskerrik asko nirekin bat egiteagatik baserritar bati egindako ustezko erasoa salatzen, hala izan bazen; Mauriren iritzitik urruntzen zaitu, nahiz eta zuk bera defenditu. Ez zaitut ulertzen. Jakin Txantxangorritik kanpo nik ez dudala ezer Mauriren aurka; errespetatzen dut. Bestalde, ezin duzu imaginatu zenbat maite dudan Txantxangorri Elkartea; bertan, zuzendaritzan aritu naizen 24 urtetan, ahaleginak egin ditut kirol alderdi asko hobetzeko. Hala ere, ez ditut zuzendaritzako kideak berdin maite, batzuen irizpideak ez baitatoz bat elkartearen helburuekin. Txantxangorriko ordezkari batek erasotutako baserritarraren inguruko zure idatzian argi dago ez dakizula, eta ez duzula jakin nahi ezer gertatutakoari buruz; miresgarria iruditzen zait. Gu biok baino gehiago dakien jendea izango da, esan beharrekoa esango duena; hobe da isilik egotea. Mauriri isilik egoteko besterik ez diot eskatuko, bere sasi-egiekin, gezurrekin baino kalte handiagoa egin baitezake eta jendea nahastu. Espero dut zure kirolekiko interesa ez aldatu izana, baina jakingo duzu prentsan idatzitako oharrak zuzendaritzaren baimena behar duela, Maurik besteak beste, onartutako araudiaren arabera. Bestela, ni neu eta beste bazkide batzuk bezala, espediente baten aurrean izan zaitezke (nire kasuan hiru, eta hori dela eta, nire bazkide eskubideak bertan behera utzi eta bota egin ninduten). Nik Txantxangorriren izpiritua defendatzen dut, nire aitak eta beste kirolari batzuk, ehiztari eta arrantzaleak guztiak, sortu zutena. Lokalik ez izan arren, Irizar tabernako jangelan egiten zituzten zuzendaritza bilerak, asanbleak Zintzotasuna zinean, ehiza eta arrantza irteerak antolatzen zituzten eta ehiza eta arrantzari buruz luze aritzen ziren mahai inguruan, inori trabarik egin gabe. Kirol bazkideek, estatutuak aldatzeko eta kirol programak eta aurrekontuak onartzeko ahotsa eta botoa duten, bozkatu eta bozkatuak izan daitezkeen eta emakumea diskriminatzen ez duten araudiak dituen kirol elkartea defendatu eta maite dut. Juanito, nirekin bat etorriko zara: Txantxangorri egoitza soziala duen kirol elkartea da eta ez kirol ekitaldiak antolatzen dituen elkarte gastronomikoa. Horregatik, ni ez nator bat zuk Mauriri egindako eskertzarekin. Eta berriz diot: nik erruz maite dut Txantxangorri, nahiz eta ez izan garai batekoa; agian bere izenak asko irabaziko du, zuzendaritzako kideren batek justifikaezina dena justifikatzeari uzten dionean eta bazkideei ahotsa eta botoa itzultzen zaienean, besteak beste, kirol fondoak elkarteak berezko dituen kirolen promoziorako (ehiza, arrantza eta tiroa) bideratu ditzaten. Eskerrik asko, Juanito. Ion Azpiazu (Erredakzioan euskeratua)