Tangoka izan zen lehenbizi eta Kastillako dorreak dator orain. Asteartean aurkeztuko dute 140 artista hernaniar biltzen dituen emanaldia. Kastillako dorreakek arte disziplina ezberdinak biltzen ditu eta honela hasten da argumentua: anarkista batek tiranoaren kontrako atentatua egin eta 22 urte daramazki preso. Tiranoa bizirik atera zen eta anarkista hiltzera zigortu beharrean, erotzera kondenatzen du. Erotzeko zorian dagoela, zerbait gertatuko da eta... Jabier Zubimendik idatzi du gidoia. Kastillako Soto del Real kartzelara bisitan joan eta bizi izandakotik sortutako gogoeta da. «Ez da alegato politikoa», Zubimendiren esanetan, «Existentzialismo hutsa da: nola soportatu hainbesteko brutalitatea». Kastillako dorreak emanaldian 140 pertsonek hartu dute parte eta Ander Lipus eta Iñigo Aranbarrik interpretatuko di-tuzte pertsonaje nagusiak: 22 urte preso daramazkien anarkista eta preso sartu berria. Eszenarioan 40 pertsona inguru azalduko dira zuzenean, eta gainerako 100ak aurrez grabatutako irudietan azalduko dira. Kantuz eta Ozenki koruak ez ezik, ikuskizuneko parte dira Roberto Yaben, Ansa ahizpak, Ttarlako dantzariak, Biteriko dantza tailerreko dantzariak... Kastillako dorreak emanaldia bide luzea eginda dator eszenatokira, joan den abuztuan hasi baitziren aurreneko pausoak ematen.
Hiru espazio eszena batean
Ainhoa Pineda da Kastillako dorreak ikuskizunaren zuzendari eszenikoa. Emanaldia hiru espaziotan dago banatua: kartzela bera batetik, presoaren irudimenean gertatzen den espazioa bestetik, eta pantailakoa, irudiak botatzeko. Eszena aldetik, hiru espazio horiek bakar batean biltzea izan da zailtasun eta aportazio nagusia. Ainhoa Pinedak beste alderdi bat ere azpimarratu zuen: «eszenan agertzen diren elementu guzti-guztiak, argiak, efektuak, dekoratuak... oso detailera zaindu ditugu, eta gertatzen den ezer ez da kasualitatea. Jendeak oso lan profesionala egin du horretan». Zuzendaritza artistikoan Satur Idarreta aritu da, Pello Goellorekin batean. Dekoratuak errealismo dezentea lortuko du. Anekdota gisa, kartzelako ohea Loiolako kuartel militarrak emanaldirako utzitakoa da. Kastillako dorreak ordubeteko iraupena du. Hernanin ez ezik kanpora ateratzeko aukera ere aztertzen ari dira, horretarako emanaldia moldatu beharra ikusten badute ere. Dagoeneko eskari bat badute.