BITERI kultur etxeko udal liburutegian hainbat aldaketa egin dituzte bertako arduradunek. Kultur etxean zegoen udal informatika zentroa liburutegian integratu nahi izan dute aldaketa horiekin eta zentroa zegoen lekuan ikasgela bat jarri dute.
Zortzi ordenadore gehiago kontsultarako
Badira urte batzuk udal informatika zentroa eta liburutegia batzeko prozesua hasi zela eta honakoa izango da azkeneko pausoa. Liburutegiko gelak kontsultarako bakarrik izango dira hemendik aurrera eta bertan zortzi ordenadore gehiago jarriko dituzte. Guztira 15 ordenadore izango dira, beraz, liburutegian, horietatik 10 bigarren pisuan eta beste bost lehenengoan. Ordenadore horietan ibiltzeko liburutegiko bazkide egin eta kontraseina bat izatea beharrezkoak dira eta gehienez ere ordubetez ibili ahal izango da, ordua pasa eta gero ordenadorea automatikoki itzaliko baita. Ordenadoreak interneten kontsultak egiteko eta Open Office programetan lanak egiteko bakarrik erabili ahal izango dira, eta ezin izango da beraien bidez chateatu ezta jolastu ere. Liburutegiko arduradunek gai baten inguruko informazioa eman dezakete, baina ez dute informatikako asistentziarik eskainiko.
Ikasgela berria beheko pisuan
Udal informatika zentroa zegoen lekuan, beheko pisuan, ikasgela berri bat ireki dute. Bertan mahaiak eta aulkiak izango dira eta hainbat hiztegi jarri dituzte apaletan, kontsulta orokorrerako. Aldaketarekin, liburutegiko gelen kontsultarako izaera berreskuratu nahi izan dute eta bertan zegoen saturazioarekin amaitu, orain arte ikasteko ere erabili baitira gela horiek. Hemendik aurrera, ikastera joaten direnek, beheko pisuko ikasgelara jo beharko dute. Izan ere, ikasgela berriak ordutegi berezia izango du eta irekita egongo da goizean 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 21:00etara. Gainera, azterketa garaian goizeko 09:00etatik iluntzeko 21:00etara irekitzeko aukera ere ikusi dute liburutegiko arduradunek. Ikasgela honetara 16 urtetik gorakoak sartu ahal izango dira.