«Hernanitik eramandako tornuak 750 gazteren heziketarako erabiliko dira»

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 9a, 03:00

ASTEAZKENEAN Fe y Alegria federazioko Ignacio Lange eta Julio Perez izan ziren beren proiektuen berri emateko eta Hernanitik jasotako laguntza eskertzeko. Izan ere, Hernani Institutuak 6 tornu eman zizkion elkarte honi, Hego Ameriketan sektore behartsuenetako gazteei lanbide ezberdinak irakasteko. Fe y Alegriako bi kideek azaldu zuten tornu hauek 13 eta 16 urte arteko 750 gaztek erabiliko dituztela eta etorkizunean beste 1.600 gaztek ere bai, maila hauetara pasatzen direnean. Hernaniko Udalaren dirulaguntza ere jasotzen dute duela 6 urtetik: ´dirulaguntza hauek proiektu txikietara bideratzen dira, baina oso emankorrak dira` azaldu dute. Esate baterako, iaz Hernani Institutuak emandako tornuak Guatemalara eramateko dirulaguntza jaso zuten. Beste laguntzekin ikasgelak eraiki dituzte eta saneamendu lanak egin dituzte ikastetxeetan.

12.101 ikasle Guatemalan
Fe y Alegria federazioak 50 urte daramazki lanean. Guatemalan gaur egun 12.101 gazteren heziketaz arduratzen da, baina Hego Ameriketako 7 herrialdetan egiten dute lan. Batez ere, lanbide jakin batera bideratzen dituzte sektore marginatuetako gazteak, hiri asentamenduetan bizi direnak asko, oso egoera kaxkarrean. Etorkizunerako aukera emateaz gain, baloreak transmititzen ere saiatzen direla aipatu dute federazioko kideek: ´gune hauetan biolentzia organizatu asko dago eta bertara jotzen dute askok`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!