Dobera Euskara Elkarteak urteko batzarra egin zuen martxoaren 31n. Urteroko moduan iazko egitasmoen berri eman zen eta urteko balantzea azaldu. Hernaniko Kronika, Hala Bazan, Jolas eta Solas, Dobera Saria, Hamaika Batuaz, Erabilera neurketa eta Gure Artean Euskaraz dira Doberak aurrera daramazkien proiektuetako batzuk. Batzarrean horien berri eman zen, 2006rako dagoen egitasmoa eta urteko aurrekontuarekin batera.
Gogoeta prozesua
Dobera Euskara elkarteak etorkizunera begirako prozesu bati eman zion hasiera urte bukaeran, bazkideen arteko gogoeta saio bati alegia. Azaroan eta iazko batzarrean egindako proposamena oinarri hartuta, gogoeta saio batzuk egin zituen elkartearen egungo egoeratik abiatu eta aurrerako lana zehazteko. Garrantzia, bideragarritasuna eta denboran lehentasuna kontuan hartuta, helburuak zehaztu ziren lehen bileretan eta helburu horiei forma ematen joateko lan taldeak osatu dira. - Elkartearen funtzioa berdefinitzeko taldea. Doberaren papera eta lekua zein den finkatzea du helburu eta horretarako herri mailan elkarteak eta beste eragileek duten papera aztertzen hasi da. - Bazkideekiko komunikazioa eta parte hartzea bultzatzeko lan taldea. Barne eta kanpo komunikazioa lantzen ari dira, web orria berritzeko aukerak aztertzen eta komunikazio plan bat garatzen. - Erabileran, motibazioan eta sentsibilizazioan eragiteko lan taldea. Egitasmo zehatzak eta aurrerako lana finkatzen ari da. Parte hartzeko aukera Hiru lan taldeek biltzen jarraitzen dute, aurrerako ildoak zehazteko. Batzarrean jakitera eman zutenez, bazkideek lan talde horietako batean parte hartu nahiko balute, ongi etorriak izango dira. Horretarako, elkartearekin harremanetan jarri litezke: Larramendi kalea 11, behea; e-maila: dobera@dobera.com; telefonoa: 943 332799.
AMAIA MINER - Lehendakaria
´Doberak bazkide eta herritarren parte hartzea behar
du euskeraren normalkuntzan pauso sendoak emateko` .
Zenbait zerbitzu
-Euskararen inguruan dauden zerbitzu eta eskaintzen informazioa eman.
- Itzulpen zerbitzua.
- Ikastaroen berri ematea.
- Lan eskaintza eta eskaerak bideratzea.
-Euskal produkzio eta ekoizpena zabaltzea.
‘Ahulkiak’ emanaldia Kixkalen
Harkaitz Cano idazlea eta Ixiar Lamuedra eta Patxi Santamaria aktoreen eskutik Ahulkiak emanaldia izan zen ostegunean Kixkalen, Doberak antolatzen dituen ekitaldien barruan. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Kultur Errota antolatzen du eta zenbait kultur emanaldi jartzen ditu herrietako euskara elkarteek aukeratu ahal izateko. Hernanira film laburren emanaldia eta Ahulkiak saioa ekarri ditu Doberak.
Aurten jarraipena duten proiektuak
Hernaniko Kronika
Hernaniarrek eguneroko informazioa jasotzeko aukera dute, dohainik. Egunean 3.800 Kronika banatzen dira Hernanin. Hala bazan... Idazteko eta irakurtzeko zaletasuna duten haurrak motibatzeko programa, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Ikasleek egindako ipuinak apirilean jaso eta ekainean argitaratzen dira.
Jolas eta solas
Klasetik kanporako jarduera programa. Eskola orduetatik kanpora dabiltzan orduetan ikasleek euskara erabil dezaten antolatutako ekimena. Hezitzaileak aritzen dira ikastetxeetako jolas orduak eta jangela orduak dinamizatzen.
Hamaika batuaz
Ikasle etorkinak euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko programa. 2005eko apirilean martxan jarritako egitasmoa. Klasetik kanpo, astean bi egunez euskarazko ezagutza eta erabilera indartzeko, jolasen eta beste dinamizazio ekintzen bidez bi hezitzaile aritzen dira egun Inmaculada ikastetxean.
Erabilera neurketa
Ikasleek klasetik kanpo zenbat euskera erabiltzen duten neurtzeko ikastetxeei eskaintzen zaien zerbitzua.
Gure artean euskaraz
AEK, Udal Euskaltegia, herriko ikastetxeak eta Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batean antolatutako programa. Dakienak ez dakienari erakutsiz, borondatez lagundu nahi duten euskaldunekin, euskeraren erabilera haunditzea da helburua. Ikasturtean zehar ere, bada izena emateko aukera. * Hauetaz gain hainbat ekintza antolatzen dira: laburmetrai emanaldia, antzerki emanaldiak, Dobera saria bi urtean behin... eta urtez-urte sortu litezkeen beste ekimen guztiak.