Aurtengo Aste Santuan ere hernaniar asko joango da oporretara, eta gehienak eguzki eta deskantsu bila aterako dira. Oporraldia bidaia-agentzia bidez moldatu dutenak behin-tzat gehienak Mediterraneora, Kanarietara, Landetara, Kantabriara eta Nafarroara joango dira. Batez ere familiek joera haundia dute Mediterraneo (Salou, Cambrils, Benidorm...) eta Landetarako. Kanarietara ere joango da jendea, baina, oso garaiz ibili direnak, gero prezioak asko igo direlako. Onena, erreserba urria-azaroan egitea omen da, eta familientzat oso aukera onak omen daude. Lekuaren erakargarritasunak ez ezik, errez iristeko moduak ere garrantzia haundia du bidaia aukeratzerakoan. Aste Santuan Londres, Paris, Praga eta beste zenbait hiriburuetara zuzeneko hegaldiak daude Bilbotik, eta paraje horietan ere ibiliko da hernaniarrik. Oporraldi luzeagoa izateko aukera dutenek urrutirago ere joango dira, gehienak Karibe aldera, eta baita Brasilera ere. Turkia eta Egiptora diozen hernanirrak ere badira.
Eurodisney eta bainuetxeak
Eurodisney, bainuetxeak eta talasoterapia zentroak ere oso gustoko lekuak dira Aste Santuko oporraldia pasatzeko. Eurodisneyra batez ere familiak joaten dira, eta Pazko astean.
Gehienak bost eguneko oparraldia
Badira Aste Santu aurreko astea edo Pazko astea jai hartzen dutenak, ( zenbait agentzien arabera, geroz eta gehiago), baina, orokorrean, oraindik gehienak bost eguneko oporraldia egingo dute.
Abioia eta kotxea
Garraio bideari dagokionez, kotxea eta hegazkina dira erabilienak. Batez ere hegaldiak asko ugaritu dira azken urteetan, eta horrek prezioak merketzea ekarri du. Hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainiekin ere lan egiten dute Hernanin. Hala ere, preziotan aldea egoten da biletea oso aldez aurretik hartu ezkero. Gainerakoan, ez omen da hainbesteko alderik izaten. Bada oporretara joateko trena hartzen duenik ere. Eurodisney-era joateko, adibidez, jende askok Abiadura Haundiko Trena hartu du.
Udaran, lasaiago
Aste Santu eta udarako oporraldiak diferente bizi ditu jendeak. Oporraldi luzeagoa izaki, urrutiko parajeak bisitatzeko aukera gehiago ematen du. Vietnam, Mosku, Hego Afrika, Pekin... dira dagoeneko jendeak erreserbatu di-tuen lekuetako batzuk. Madridetik Moskura hegaldi zuzena jarri dute eta horrek mugitu du jendea, Txinara berdin. Neguan, berriz, elurra eta eguzkia izaten dira turismo aukera nagusiak. Jendeak oporretarako prestamoak eskatzen ote dituen galdetuta, ezezkoa erantzuna jaso dugu.
Sei bidaia agentzia Hernanin
Oporretara joateko denek ez dute bidai agentzia baten zerbitzua erabiliko, baina datuek garbi erakusten dute geroz eta gehiagok erabiltzen dutela. Orain dela 15 urte bi bidaia agentzia bakarrik zeuden Hernanin. Hernani Bidaiak eta Bascotour. Bidaiatzeko joerak gora egin ahala, agentzi gehiago etorri dira eta orain sei daude. Hernani Bidaiak-ek jarraitzen du, Bascotour zegoen lekuan Eroski Bidaiak jarri zen. Horiekin batean daude, Ecuador, Iberia, Alcon, eta Barcelo.
Begoña Lujanbio - Bidaia-agentzia bateko burua
Lujanbioren esanetan, bidaiatzerakoan jendeak asko begiratzen du denboraldi altua edo bajua den. Autobuseko rutak asko gutxi dira, eta jendeak nahiago du bere kasa ibili. Zerbitzua pertsonalizatzeko joera dago.
Begoña Lujanbio ikasketaz psikologoa da, eta Hernaniko bidaia agentzia bateko burua, azken 15 urteotan. Bidaia agentzietan lan bolada gogorra da oraingoa, Aste Santuetako bidaiak eta udarakoak lotzen ari direlako. Agenda estuan tarte bat hartu du Kronikaren galderei erantzuteko eta gaur eguneko turismo ohitura eta kontzeptuari buruz hitz egin digu.
Jendeak geroz eta gehiago bidaiatzen al du, zertan aldatu da turismo egiteko kontzeptua?
Geroz eta jende gehiagok bidaiatzen du, bai. Jendea geroz eta gehiago mugitzen da. Aldatu den gauzetako bat da bidaiatzera dijoanak asko dakiela, informazio asko du.
Bidaiatzeko modua ere aldatu da. Geroz eta gehiago bidaiatzen da abioiez, prezio aldetik ere aukera onak daudelako. Kotxez ere jende asko mugitzen da. Autobusez berriz, geroz eta gutxiago. Leku batera joan eta autobus rutak egite hori asko jeitsi da. Jendeak nahiago du bere kasa ibili, autobusaren mende egon beharrean.
Bidaiak oparitu ere egiten dira orain, bainuetxe eta talasoterapiak indar haundia hartu dute, eta destino berriak ere fuerte datoz. Txina, adibidez.
Gero, jendea hemen bertan ere asko mugitzen da: familiaren herrira, egun pasak, asteburua nonbaiten pasa... ez dago beti kanpora joan beharrik.
Oporrak ere ez al ditugu presaka egiten?
Ez zait iruditzen. Kontrakoa dela esango nuke. Orain jendeak patxada haundiagoarekin hartzen ditu oporrak. Bost egunerako badijoa nahiago du, gauza gutxiaxeago ikusi eta disfrutatu, dena ikusten itota ibili beharrean. Bidaia antolatzerakoan gu ere saiatzen gara bisitatu behar dutena lasai eta gozatuz ikustea gomendatzen. Normala da behin urrutira joan ezkero dena ikusteko grina izatea. Baina, Argentinara bazoaz, 15-20 egunetan asko ikusi liteke, baina, dena ez. Neurri hori bilatzen saiatzen gara.
Gero, udaran-eta, oporraldi luzeagoak direnez, badago joera alojamendua eta bi gauza lotu, eta beren kasara ibiltzekoa. Hilabete edo gehiagoko bidaietan, berriz, jendeak askotan hegaldia bakarrik hartzen du.
Bidaiatzerakoan jendeak begiratzen al du denboraldi altua edo bajua den?
Bai. Jendeak, ahal dela, denboraldi bajuan bidaiatzen du. Merkeagoa da eta jende gutxiago dabil.
Eta bidai agentziek lan egiteko moduan, zer aldatu da azken urteotan?
Zerbitzua pertsonalizatu egin da. Gu ahalegintzen gara gure bezeroari ahalik eta eskaintza pertsonalizatuena ematen, bere interesen arabera. Era berean, bidaia agentziok zerbitzua bera eta asesoramendua eskaintzen dugu. Bidaia egin aurretik eta bueltatu ondorenean ere interesatzen zaigu dena nola joan den jakitea, eta arazorik izan bada ahal den guztian konpondu. Hori da kalitatea.
Interneta, berriz, ezinbesteko lan erreminta dugu eta aukera haundiak ematen dizkigu. Baina, denerako ere ez du balio. Bezeroari eskaintza pertsonalizatua egiteko gauza konkretuak jakin nahi badituzu, telefonoz bestaldean norbaitek egon behar du, internetak ez du erantzuten.