ASTEBURUAN zita garrantzitsua dute Hernaniko arraunlariek Pasai San Pedron. Gipuzkoako ligilako azkeneko estropada izango da larunbatekoa eta baita igande goizean jokatuko den Gipuzkoako Txapelketarako sailkapen estropada ere. Larunbateko estropada arratsaldeko 17:00etan hasiko da Pasai San Pedron eta igandean, leku berean, goizeko 11:00etan izango da estropada.
Gipuzkoako ligila irabazteko aukera
Hernaniko Arraun Elkarteko arduradunek adierazitakoaren arabera Hernanik baditu aukerak Gipuzkoako batel ligila irabazteko. Koxtapek Hernaniri puntu bakar bat ateratzen dio eta larunbateko estropadan hernaniarrak Koxtapekoek baino denbora hobea egiten badute ligila irabaziko lukete. Gipuzkoako batel ligilan orain arte 6 estropada izan dira.
Gipuzkoako Txapelketa igandean
Larunbateko estropada igandeko Gipuzkoako Txapelketarako klasifikatoria ere izango da. Parte hartuko dute honako taldeek: Hondarrabia, Donostia Arraun, Ur Kirolak, Zarautz, Aita Mari Arraun Elkartea, Fortuna, Hibaika, Trintxerpe, Koxtape eta Hernani. Aurreneko 4 postuetan geratzen direnek igandean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute eta 5garrenetik 8garren postuen artean geratzen direnek Federazio Kopa.