Hernanik beste frontoi estali bat behar du

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 7a, 03:00

Urte batzutik aurrera Hernanin pilotan ari diren neska mutilen kopurua asko igo da baina frontoi itxi bakar batekin jarraitzen degu eta ez gera denak bertan sartzen. Neskekin lan egiteko `Emakumea Pilotari` egitasmoa Sortu da Gipuzkoan. Hernaniko herria egitasmo horren partaidea da. Aurten nahiko ongi moldatu gera daukagunarekin aurre eginez (astean zehar Elizatxo Ikastolako frontoi txikia erabiltzen ari gera) baina datorren urteari begira, alebinak infantiletara pasatzen direnez, leku hau oso txikia geratzen zaigu entrenatzeko. Horretaz gain, aurtengo nesken kopurua mantentzen bada, berriak ezingo ditugu hartu. Mutilekin zera gertatzen da, batzuk (onenak??) Hernanin gelditzen dira baina besteak inguruko herrietara doaz pilotan jokatzera. Baina neskek ez dute aukera hori. Nora joango dira? Guzti hau ikusita uste degu Tiloseko frontoiari txapela jarri beharko zaiola, edo eta Floridako frontoiari... Beste irtenbide bat zera litzateke, inguruko herriei Astigarraga, Urnieta… neskak entrenatzeko aukerak eskeini nahiz eta entrenatzaileak Hernanik jarri… Beste irtenbiderik geratzen ote da? Gogorra da hau idatzi beharra baina ikusten ari gera asmoak oso politak, lan taldea osatuta dagoela, baina frontoirik ez degula horretarako. Eta ez dezagun ahaztu orain arte Hernanin izan ditugun eta mundialetan ibili diren neskak Hernanitik kanpo aritu dirala entrenatzen (Altza, Intxaurrondo, Aginaga, Zubieta).

Garbiñe Tijero eta pilotako monitore diren
Aitziber Burutaran, Ixiar Lujanbio
eta Leire Lukas.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!