AMR enpresa lekuz aldatzeko hitzarmena eztabaidatuko du gaur Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2006ko apirilaren 7a

Plenoa dago gaur Udaletxean eguerdiko 13:30etan. Bertan gai bakarraz hitz egingo dute: AMR enpresa lekuz aldatzeko hitzarmenaz. Joan den astean hitz egin zen gai horretaz plenoan, horrela eskatuta gaia mahai gainean geratu zen. Hitzarmenak dio AMR enpresa Floridatik Ibaiondon eraikiko litzatekeen pabilioi berri batera pasako dela. Floridan libre geratuko liratekeen lurretan 227 etxebizitza eraikiko lituzkete.

Txantxilla eta Karabeleko etxeak
Gobernu Batzarrera Gobernu Batzarra ere bada gaur eta bertan hitz egingo dute Karabel eta Txantillan egitekoak diren 287 etxebizitzetaz. Etxe horiek egiteko hitzarmena otsaila bukaerako plenoan onartu zuen Udalak eta orain beste urrats bat emango da etxe horiek egiteko prozedimenduan. Tramite hau onartuta hilabeteko epea izango da alegazioetarako. Horretarako hirigintzako bulegora joan beharra dago, udaletxeko 4garren solairura. Alegazioak jaso ondoren behin behineko onarpena emango zaio proiektuari eta berriro ere erakusketan jarri beharko da. Beste alegazio epe bat pasa eta behin betiko onarpena eman beharko du Udalak. Azken onarpena Diputazioaren esku geratzen da. Etxebizitza hauek egiten hasteak luze joko du, beraz.

287 etxebizitza: 95 tasatuak eta 56 babesekoak
Udalak onartu zuen hitzarmenak dio Karabelen babes ofizialeko 56 etxebizitza eta prezio libreko 80 etxe egingo direla. Horrez gain, auzotarrentzat 175 m2 -ko lokala ere egitea aurreikusten da. Txantxillan, tasatutako 95 etxebizitza eta prezio libreko 56 etxebizitza egingo dira.

Eroski eta Udaltzaingoen bulegoa Agustinetan
Gobernu Batzarrean hitz egingo da Agustinetan egin diren lokal berrien erabilpenaz ere. Lokal horiek egin ziren Eroski eta Udaltzaingoen bulego berriak jartzeko. Eroski dagoeneko martxan da. Gobernu Batzarrak onartu beharko du eraiki diren lokal hauek egokiak ote diren erabilera hori emateko. Honekin beste urrats bat emango da tramiteetan.

Hirigintza Batzordea
Hirigintza eta Ingurumen Batzordea ere izango da gaur eta hainbat hirigintza kontsulta aztertuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!