Punk-a Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 6a, 03:00

Hernanin badira punk talde batzuk eta guk aukera izan dugu beraietako batzuekin hitz egiteko. Baina hau aurkeztu aurretik Euskal Herriko punk taldeen garapen labur bat kontatuko dizuegu

Aitor Perez eta Iñigo Gorrotxategi
Urumea ikastola

Ingalaterran punk eztanda 77an gertatu zen arren, Euskal Herrian 80ko hamarkada hasieran lehertu zen mugimendua. Mugimendu hau ez zuen ontzat hartu izan orduko prentsak. Hauxe zioen, 1980an, Renovación aldizkari sozialistak: ´Ingalaterratik exportatutako moda berri batek itsasoa zeharkatu du gazteriari burua jateko. Punk izatea txikia izatea da, zaborra, edo besterik gabe, makarra hutsa`. Kiratsa darion prentsarik sentsazionalistenak produktu berri hau lau haizetara zabaldu zuen. Garai hartako prentsak behin eta berriro tirokatu zituen punkiak. Dena den, jokaldia ez zitzaien ongi atera; izan ere, kritika garratz haiek jendeak bere pentsamendua berrestea lortu zuten. Ordurako mobida zabaltzen hasia zen pixkanaka, eta zenbait jende arduratsu mugimendua aurrera atera nahian ibili zen.. Honela, 80ko hamarkada hasieran punk-a oso osasuntsu zegoen Euskal Herrian.

Lehen kontzertu haiek
Lehen kontzertuak benetan sinestezinak izan ziren. Mugimenduan ez zegoen jende askorik, baina zeudenek gogo izugarria zuten inguruko panorama aspergarria suspertzeko. Aldi berean, mugimendu lokal txikiak sortzen hasi ziren Euskal Herriko zenbait tokitan: Errenteria, Arrasate, Aretxabaleta, Donostia, Eskoriatza, Gasteiz, Lasarte, Irun, Barakaldo, Zarautz, Bilbo, Ezker Ibarra… Punka gertakari erabat berria zen, eta bertan gehienbat gazte jendea ari zenez, musikari dagokionez, esperientzia gutxi zegoen. Dena den, hamaika talde sortu zen, hasieran beren soinua definitzeke zegoen arren. Talde horietako batzuk izena hartzen hasi ziren: Rip, La Polla Records, Hertzainak, Basura, Odio, Eskorbuto, M.C.D, Cicatriz eta Vulpes… Beste hainbat taldek, berriz, lehen kontzertu haiek animatu zituzten, edota, besterik gabe, egun ero haietako proiektu soil izan ziren: Alarma, Doble Cero, Optalidon, Muñecas de Acero, Seccion Mortuoria, Cirrosis, Naska, Neo-punk, Colza, Ejercito de Salvacion, No, Indeseables, Pabellon Negro, Kaos, Sifilis, La Hijas de la Cloaca, Desorden, Desastre, Nacional 634, Tercera Generacion, Corrupcion, V-2, Tension, Kontuz-Hi, Ladillas…

Borroka latzak
Garai hartan oso disketxe gutxi zegoen Euskal Herrian, eta haietatik, bakar batek ere ez zuen interesik punk mugimenduan. Taldeek oso bitarteko gutxirekin (baina borondate handiz, hori bai) grabatutako maketak besterik ezin ziren eskuratu. Kontzertu grabazioak ere eskuz esku ibili ohi ziren. Hala ere, zenbait areto eta irratsaio zinta horiek jartzen hasi ziren, eta kantu batzuk hit txikiak bihurtu ziren punk koadrilaren artean. Kronika hau askoz alaiagoa izan zitekeen. Baina, han eta hemen, punk dibertigarria (nolabait esatearren) egiten zuten taldeak sortu ziren. Erantzun bezala, talde batzuek kontrako norabidea hartu zuten, eta nagusiki `teddy` eta `popi` mobidetako jendea bihurtu zen haien erasoen jopuntu. Azkenean, borroka basatia izan zen modernoen eta bestelako lirdingatsuen kontra. Zergatik? Guzti haiek zaharkitutzat eta konpromiso gutxiko jende aspergarritzat joak zirelako. Era berean, Madrildik zetorren guztiaren imitatzaile handiustetzat jotzen ziren (Madrilgo Nueva Ola izeneko mobidak hemengo leku askotan ere eragina izan zuen). Errenteriako Basura taldeko Beni abeslariak hauxe zioen auziari buruz 1983ko Muskaria aldizkarian: ´benetako punk taldeei ate guztiak ixten zaizkie Espainian. Zerbait grabatzeko dibertigarria izan behar duzu, eta txorakeriak abestu. Musika kalera ateratzea da benetan egin beharrekoa. Ikusten duzuna islatu ezazu zure musikan, eta ez dizute sekula ezer grabatuko. Guk, Basura-k, kaleko ildoa jarraitzen dugu, eta horregatik dugu hain aukera gutxi. Dena den, benetakoak izango gara, ez dugu afterpunk dei diezaguten utziko, Siniestro Total taldearekin gertatzen den bezala. Punk-a ez da dibertsioa; oldarkortasuna eta borroka baizik`.

Non dago altxor hura?
Punkaren altxorra garai hura bizi izan zuen jendearen oroimenean dago, eta baita orduko fanzine eta aldizkarietan ere. Lehen aipatutako musika talde haien grabazio gutxi gorde da. Zerbait egon daiteke garai hartan irrati batzuek egindako programen zintetan… Horrez gain, musika talde haien topagune izandako aretoak nabarmendu beharko lirateke: Errenteriako Apolo, Saioa eta Happy Day; Donostiako El huerto, Bilboko El Garaje… denak desagertuta daude jada. Prentsari dagokionez, 1980ko urtarrilean jaiotako Muskaria izan zen taldeak lagundu zituen aldizkari bakarra. Ez zegoen punk mugimenduaz informatu nahi zuen beste aldizkaririk. Era berean, estatu espainiar mailako garai hartako aldizkariek, euskal taldeak albo batera uzten zituzten beti punk-az ari zirenean. Dena den, jendeak taldeei noranahi jarraitzen zien.

Uholde berria
1983-84an fanzine eta talde uholde berria sortu zen. Musika taldeen artean, gerora izen handia hartutako olatu berria jaio zen: Anti Regimen, Vomito Social, Kortatu, Baldin Bada, Bap, Ximorra, Eskoriatza, Vioch-R, Ultimatum, Porkeria T, Subversion… Taldeok bitarteko egokiagoak eta azpiegitura hobeak izan zituzten punk hazia ereiteko. Honela, lehen diskoak grabatu ziren. Eskorbuto eta La Polla Records-en singleak izan ziren kaleratzen lehenak, 1983an. Urtebete beranduago, Rip eta Eskorbuto taldeen Zona especial norte maxia argitaratu zen. Kasu gehienetan, dena den, 80ko hamarkada hasierako punk talde erakusgarrienak ezer grabatu gabe geratu ziren. Azpimarratzekoa da, halaber, 1984-85era arte itxaron behar izen zela euskarazko lehen kantuak entzuteko. Izan ere, hasierako talde haiek gaztelaniaz abestu ohi zuten, sarri taldekide bat baino gehiago euskaldunak izan arren. Eskorbuto taldeko Josuk hauxe zioen 1983an Brigada Criminal fanzinean egindako elkarrizketan: ´Juanma eta biok jatorrizko eta benetako Eskorbuto gara. Gurea punk politikoa da, punk ustela, mugarik gabeko punka, gizartea deitutako urdanga horrek arbuiatzen duen punka. Gure etsai nagusia polizia da, egunean hiru bat aldiz geratzen gaituzte, hori da bataz bestekoa. Arazo asko ditugu, eta badakigu aurrerantzean askoz gehiago izango ditugula`. Eta horrela, gaur egunera arte. Izan ere, punkaren idealek bizirik diraute, eta hasierako talde aitzindarietako batzuek gogor darraite hogei urte igaro ondoren. Honen adibide dira gure herrian ditugun punk taldeak, besteak beste:

Nazka

Duela zenbat urte hasi zinaten?
Lehengo urteko udaran.

Zergatik sartu zinaten mundu honetan?
Aitzolek eta Mikelek hitz egin ondoren entsaio txiki bat egin zuten eta animoak handitu egin zitzaizkien. Ordutik, gero eta gehiago hasi ziran entsaiatzen eta gero eta gustu gehiagorekin aritzen dira orain arte.

Zein arazo izan dezute?
Gauzak leku batetik bestera eramateko ez daukagu autorik eta beti aritzen gera guraso edo lagunei auto eske. Horrela ezin degu jarraitu!

Zenbat kanta dituzue?
Sei: Nazkatuta, Tourneoa, Cruda de realidad, Kaleak, Sin titulo.

Zer moduz sentitzen zarete jendearen aurrean?
Oraindikan urduritasuna nabaria da. Baina oso gustora aritzen gera.

Zein dezute zuen abesti gogokoena?
Aitzol: kaleak
Txusta: nazkatuta
Tobar: tourneoa.
Mikel: sin titulo.

Iñigo Rodriguez Txusta, ahotsa
Aitzol Zubeldia Aitzol, baxua
Gorka Tobar Tobar, bateria
Mikel Laburu Laburu, gitarra

Suburbio

Duela zenbat urte hasi zinaten?
Duela bi urte eta erdi gutxi gora behera lokala eman ziguten eta horren ondorioz entsaiatzen hasi ginen.

Zer dela eta sartu zineten mundu honetan?
Musika gustatzen zaigulako eta Ibaiek esan zuen bezala ´musika ona egiteko gogoa dugulako`.

Zenbat abesti dituzue zuenak?
Hamar, eta beraien izenak: Olokausto, Anarkia y birra fria, Suburbio, Betirako, Go home, Ero, I don´t know why, Txakurra zaunka (bertsioa), Sistema dekadente, Eskupitajo.

Arazorik izan al dezute nozbaiten?
Interneteko faszista web orrialde batean pro -ETArrentzako kontzertuak egin genituela esan zuten. Nazkante hutsak dira.

Zer moduz sentitzen zarete jendearen aurrean?
Ondo, gustora, gogotsu eta beti gogoekin gelditzen gera gehiago jotzeko.
Beñatek esan zuen bezala.
  
Zein da zuen abesti gogokoena?
Go home.

Non jo zenuten lehenengo kontzertua?
Hernanin, Orkolagan, 2004ko abenduaren 19an. Zerriaren egunean.

Beñat Castrillo Titou, 20 urte ‘baxua’
Ibai Arruarte Gabai, 18 urte ‘gitarra’
Iban Zapiain Zapi, 18 urte ‘bateria’
Mikel Aginagalde Lutxo, 19 urte ‘ahotsa’

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!