Jose Antonio Olariaga Alkixak gaur beteko ditu 100 urte eta bere senide eta ingurukoekin ospatuko du gaurko eguna, Gabirian. Bizkaiko Fruiz herrian jaio eta 3-4 urte zituela Zaldibira joan ziren bizitzera. 40 urterekin, berriz, Gabirira ezkondu zen izen bat baino gehiago dituen baserrira: Zautagoitiberri, Txantxangorri edo Zautagoitibehekora. Orain Hernanin bizi da astez, alaba zaharrenaren etxean, baina, asteburuetan Gabirira joaten dira berriz ere. Hernaniko Kronikari bizi erantzun dio, umoretsu; izan ere badu bertsotarako sena eta ezagun du hizketan.
Artzai eta baserritar
Olariaga artzai ibili zen ezkondu artean eta garai hartan izan zuen Hernani ezagutzeko aukera: ´14 urte inguru nituela pasa nintzen Hernanitik, negu bat Añorgan pasa baikenuen ardiekin`. Amasorrain baserrian egon ziren nonbait eta ´Amak zorra in ta attak patu ez` esan digu umorez. Orduan ez omen zen orain adina etxe ez Hernanin eta ezta Añorgan ere: ´kalea gutxiago zen orduan eta baserriak inguruan. Añorgan ere etxe bat edo bi ziren eta taberna Inpernuko hortan`. Neguan, batean eta bestean ibiltzen ziren eta udaran Aralarren. Baserritar bizitza berriz, ezkondu zenean hasi zuen Olariagak ´berrogei urterekin`. Bere ustez hala ere, baserria utzi eta tailerrean sartutakoak asmatu du ´azken 60 urtetan behitzat, burnitik baitago irabazia`.
Bertsotarako sena
Olariagak hizketa jolastia du, eta erantzun errimatua ere azkar botatzen du. Izan ere bertsotan pixka bat ibilia da: ´plazan ez det kantatu, koadrilan-eta, parrandara ateratzean`. Txirrita ikusi ere egin zuen, non ondo gogoratzen ez bada ere, eta Pello Errota eta Txirritak elkarri boteak ere kantatu dizkigu. Gaur egun Sebastian Lizaso gustatzen zaio: ´gehiena Lizaso, Egaña ere txarra ez da baino. Bizkaitarrak ere onak badira eta Hernanin Lujanbio...`
Bizioa eta afizioa
´Noizbehinkakoa ez da bizioa, afizioa baizik, eta hori ez da txarra, baina, gaur egun bizioa dago gehiegi` esan digu Olariagak. Gaurko jendea ´bizioak eta desordenak` galduko duela dio. Hainbat urtean hain ondo egoteko zaintzea omen da sekretua ´gorputza tenple onean edukitzea, jan-edana eta parranda zainduta`. Otordutan baxo erdi bat gustoko du eta gaur uxuala pixka bat ere hartuko lukeela esan digu, egun haundia ospatzeko. Tabakoa berriz, soldaduskan hasi zen erretzen, Afrikan. Handik bueltan, ordea, konturatu omen zen parranda ondorenak eta txarragoak izaten zituela eta utzi egin zuen.
Gaur ospakizuna
Gaur beteko ditu 100 urte Olariagak eta Gabirin ospatzekoa du egun haundia. Lehendabizi meza entzungo du eta ondorenean bazkaria izango dute senide eta ingurukoek eta 45 bat lagun elkartzekoak omen dira. Hamabi seme-alabaren aita izana da Olariaga eta gaur egun bizirik diren 10 seme-alabak Gabirian izango dira gainerako familiartekoekin eta ingurukoekin batean. Bisita berezi bat ere izango du: Venezuelan bizi duen semea; aspaldi ikusi ez duena. Zorionak eta urte askoan!