Patxi Roldanek hirugarren egin du Euskal Herriko judo txapelketan, Bilbon, 55-60 kilotan. Iaz irabazle izan zena gustora dago hirugarren postuarekin, iaz baino gutxiago entrenatuta ekin baitio txapelketari. Hamalau parte hartzaile izan dira eta bost konbate jokatu zituen hernaniarrak: lau irabazi eta bat galdu zuen, irabazle geldituko zenaren aurka. Lau garaipenetik hiru ipon bidez lortu zituen Roldanek (kontrarioak lurra bizkar osoarekin jota) eta beste bat waza-ari bidez (erortzean lurra bizkar osoarekin jo gabe). Jon Aramendi errenteriarra izan da aurtengo txapelduna eta ipon bidez irabazi zuen Roldanen aurkako konbatea finalaurrekoan.
Odol beroa tatamian 16 urteko hernaniar gazteak badaki zein den bere dohainik haundiena judorako ´agresibitatea`. Ez da nolanahi kikiltzen dena, baina, odol bero hori bere kontra ere bueltazen omen zaio batzutan ´burua galtzen dudalako`. Indarrez eta fisikoki ere orain artean ondo ibili da Roldan, nahiz eta azken aldian behar adina ez entrenatu. Kadete mailara arte indarra eta nerbioarekin gora iritsi litekeela dio, baina, hemendik aurrera ondo ibiltzeko asko landu behar dela badaki. Oraingoz gerriko marroia du, baina, beltza ateratzeko beharrezko diren 35 puntuetatik 30 batuak ditu eta gutxi baino lehen izango du azterketa egiteko aukera.
Aste Santuan Parisen froga Euskal Herriko lehenengo hiru kadeteek Parisen egitekoa den nazioarteko txapelketa batean parte hartzeko aukera dute Aste Santuan, eta hirugarren den aldetik bertarako txartela irabazi du hernaniarrak. Joango den ez da segurua baina, joanda ere postu ona egitea oso zaila dela badaki Roldanek, ´frantziarrek maila oso altua dutelako`.
Aurrerako zalantzak Roldanek ez dauka oso garbi zenbat denboran jarraituko duen judoan. Kronikari esan dionez gerriko beltza atera eta pentsatuko du zer egin: ´badaukat gogoa beste zerbait egiteko, king-boxing-a adibidez. 12 urte arte Benidormen bizi izan nintzen eta han egin nuen kirol hori`. Erakutsi duena da judorako behintzat badituela dohainak.