Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute biharko Ate Jokak, Elkartzenek eta botatzen ari diren maisu etxeetako okupek. Etxebizitzaren arazoaren inguruan Udalari alternatibak ere eskatu nahi dizkiete mobilizazio honetan. Manifestazioa bihar arratsaldeko 20:00etan aterako da Gudarien plazatik eta herritar guztiak deitu nahi dituzte bertan parte hartzera.
‘Eskubidea dena espekulazioarako tresna’
Atzo arratsaldean egindako prentsaurrekoan talde hauek azaldu zuten nahiz eta etxebizitza giza eskubide bat izan, ´gutxi batzuen interesak betetzeko merkantzia bihurtu` dela. Aipatu zuten etxebizitzaren prezio izugarriek ezinezkoa egiten dutela pisu bat eskuratzea, edota hipoteka batean sartzera kondenatzen dutela jendea. Egoera honen erantzuletzat dituzte: ´banketxeak, promotorak, inmobiliariak, konstruktorak, lurzoruen jabeak, etxe hutsen jabeak eta administrazio eta politikari ustelak`. Azaldu dutenez, ´bakoitzak bere esparrutik eta beren artean erlazionaturik etxebizitza negozio bilakatzen dute eta poltsikoak betetzen dituzte guztion kontura`. Honen aurrean diote etxebizitzak ezin duela inoren poltsikoa betetzeko tresna izan. Horrekin batera azaldu dute ´eskubide honen bermatzailea administrazioa eta udalak dira eta ondorioz horren arabera jokatu behar` dutela. Okupazioak zilegitasun guztia duela azpimarratu dute ´egoera honen larritasunaren aurrean`.
Maisu etxeen kasua
Maisu etxeen desalojoa eta botatzearen inguruan talde hauek azaldu dute ez dutela zalantzan jartzen zaharren egoitzak berrikuntza behar duenik, baina gaineratu dute: ´herritar guztien eskubideak errespetatu behar dira eta udaletxeak alternatiba errealak planteatu behar ditu`. Horrez gain, salatu nahi izan dute ´udaletxearen azken aldiko jarrera. Onartezinak dira erabili dituen metodoak`. Adibide moduan aipatu dituzte: ´ura eta argia moztu, etxea hondakinez bete, bortizki aterako zituztenaren mehatxua, ondasunen bahiketa...`.