Gay Murreko maisu etxeak

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 3a, 03:00

Gay Murreko maisu etxeak
Gay Murreko maisu etxeetan Hernaniko Udalak gauzatu berri duen desalojoaren aurrean, bertako bizilagun ohiek zera adierazi nahi dugu: 1.- Udaltzaingoak ostiralean (martxoak 31) kaleratu gintuen, indarrez, gure etxebizitzako atea eta leihoak bota ondoren, eta ez ostegunean modu baketsuan, DVko kronikan argitaratu zenez. 2.- Gu ez gara oztopo izan Zaharren Egoitza handitzeko proiektuaren bidean, egitasmo hori duela hilabete eskas baitago `mahai gainean`, Amonarraizek berak informatu zuenez. 3.- Udalak, urte beteko epean, ez du inolako irtenbiderik bilatu nahi izan aterperik gabe geunden, eta gauden, bertako bizilagunentzat. Izan ere, iazko abuztuan gu kaleratzeko baimena eskatu zuenetik, Amonarraiz jauna ez da guregana zuzendu ere egin. 4.- Salatu nahi dugu zortzi hilabete hauetan Udalak izan duen jarduera saboteatzailea (ura eta argia kenduta, etxebizitzak hondakin bihurtuta, etengabeko kontrola... ) eta gurekiko erakutsi duen jokabide gizagabea. 5.- Guk uste dugu eskubidea daukagula aterpe duin bat izateko, besterik ez duen jende guztia bezala. Zer egin behar du Udaletxeak gu bezala dauden herritarren etxebizitza beharrari erantzuteko? Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu lagundu edota elkartasuna adierazi digun jende guztiari.

Erich Bidegi Struchtemeier eta Pedro M. Leal Sa

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!