BETEKADA galanta jaso zuen atzo Atsegindegik Extremadurako Jardunaldien egun haundian. Asko izan ziren, eguraldiak lagunduta, bertara hurbildu zirenak, urdaiazpiko puskaren bat probatu eta Extremadurako dantzak ikustera.
Egun osoko festa, janari eta musika artean
Jardunaldien XIVgarren edizioa arrakastatsua izan da berriro ere. Goizean goizetik Extremadurako produktuak izan ziren salgai Atsegindegin, baina eguerdi inguruan hurbildu zen jende gehiena, Virgen de Guadalupe dantza taldearen emanaldia ikusteko. Dantza taldeaz gain musikariek ere parte hartu zuten emanaldian eta Castiblanco (Badajoz) edo Cacereseko abestiak jo zituzten, besteak beste. Asko dira Extremadurako jatorria duten hernaniarrak eta gozatu ederra hartu zuten, bai horiek eta baita gainerakoek ere, lurralde hartako ohiturak gogoratuz.