«Herri indigenak aberatsak gara baina urteetan explotatzen ari zaizkigu»

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 2a, 03:00

Mugen Gainetik erakundeak gonbidatuta emakume indigenek Biterin hitz egin zuten joan den asteazkenean. Genero ikuspegitik, bizi duten egoeraren aurrean nola antolatzen ari diren azaldu zuten.

MUGEN Gainetik GKEak gonbidatuta Felicitas Martinez eta Martha Sanchez, Mexikar indigenak izan ziren hizketan Biterin: aurrenekoa Tlapaneca eta bigarrena Amuzga indigena. Bi emakume hauek emakume indigenen gailurrean parte hartu dute. Felicitas Martinez, Mujeres Indigenas de las Americas-eko lotura kontinentala da, besteak beste, eta Martha Sanchez aldiz, Asanblea Nacional Indigena Plural por la Autonomia-ko koordinatzaile orokorra da.

Bazterketaren aurrean antolatu
Bi indigenek azaldu zuten zein bazterketa egoeratan bizi diren Mexikoko, Ameriketako eta oro har mundu guztiko herri indigenak. Esan zuten herri indigenak aberatsak izan direla baina urteetan jasan duten explotazioa eta bazterketaren ondoren baliabide gutxi batzuekin bizi behar dutela. Beraien herrietan protagonismoa eta errekurtsoak mantentzeko borrokan dihardute, aurreko egoera horri buelta eman nahian. Horretarako sektore ezberdinetan antolatzen ari direla azaldu zuten eta organismo eta baliabide propioak sortu dituztela ere bai: justizia mailan, irakaskuntzan, hezkuntzan, lurraldetasuna, elikadura eta beste hainbat alorretan.

Emakumeen lekua
Borroka honetan emakumeak gero eta protagonismo gehiago hartzen ari direla esan zuten. Horretarako beren burua prestatu dutela azaldu zuten, besteak beste, ordura arte ukatuta zuten hitza berreskuratzeko eta borrokatzeko. Piskanaka piskanaka aurrerapausoak ematen ari dira bide honetan, eta gizonezko indigenek ere gero eta gehiago onartzen dituztela azaldu zuten, nahiz eta lan haundia dagoen berdintasunera iristeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!