Erremonte Masterra ez da hasi besterik egin baina pelotariek egin dituzte beren kalkulu eta gogoetak, eta iritzi orokorra da buruz buruko partiduetan hautsiko dela txapelketa. Kontuan izan behar da puntuak tanteoaren arabera banatzen direla, eta normalean buruz burukoan binaka baino tanteo alde haundiagoak izaten dira. Hala ere, bakoitzak bere estrategia dauka. Jon Eizagirre da oraingoz puntu gehienak dauzkana eta bere ustez datozen bi partiduak oso garrantzitsuak izango dira. «Nik ahal dela buruz burukora puntu koltxoi batekin joan nahi nuke, eta horretarako datozen bi partiduak klabeak izango dira, ahalik eta alde gehiena ateratzeko» dio Zarauzko zageroak. Zazpi koadro barruko partiduek zer eman lezaketen ere inkognita da Eizagirrentzat, baina pelota lehorrak izango direnez espero du peloteoa egongo dela. Garbi dauka, berak sakea aprobetxatu behar duela, eta hori izango dela bere arma nagusietako bat. Koteto Ezkurra Doneztebeko txapeldunak ere buruz burukoan ikusten du Masterreko klabea: «Binaka oso partidu berdinduak eta borrokatuak ateratzen ari dira, baina, buruz buru beste gauza bat izango da». Patxi Zeberio elduaindarraren iritziz ere zaila da binaka partiduak haustea, batez ere pelotariak postuz aldatuta jokatzen ari direlako, eta horrek zaildu egiten duelako bakoitzak bere maila ematea. Buruz burukoan, sakea 12 koadrotik izan beharrean 9tik izatea aurrelarientzat bentaja pixka bat badela iruditzen zaio. Hala ere, uste du zazpi koadroan jokatzea ia kantxa osoan jokatzea bezala izango dela. Fisikoak garrantzi haundia izango duelakoan dago Elduaingo aurrelaria. «Oso sasoi onean nago eta uste dut ez naizela ni lauetan makalena».
Lekuz aldatuta, gustora
Masterrak zageroak aurrean eta aurrelariak atzean jokatzen jarri ditu partidu batzuetan eta horrek ere ikusmina sortu du. Pelotariek pozik hartu dute esperimentua, baina, aitortu dute kosta egin zaiela. «Atzean edo aurrean oso postura ezberdinetan jokatzen da eta nik agujetak ere izan ditut» zioten Eizagirrek eta Zeberiok. Eizagirrek aurrean egin dituen erakustaldiek bat baino gehiago harrituta utzi dute, baina, bera ez hainbeste. «Ni lehenago ere aurrean pixka bat ibilia naiz, eta badakit hori zer den». Aurrelariak atzean jokatzean aldaketa haundia somatzen du: «posturak asko aldatzen dira, baina neri gehiena aurrekoari lan egin araztea kosta zait. Partiduan atzekoan agintzen du, eta aurrelariok ez gaude horretara ohituta».
Orain arteko emaitzak
Eizagirre-Lizaso/Ezkurra-Zeberio II 40-38
Eizagirre-Zeberio II/Lizaso-Ezkurra 40-39
Ezkurra-Eizagirre/Zeberio II-Lizaso 40-28