Hasiera bizia eta borrokatua izan du Lehenengo Erremonte Masterrak. Hiru partidu jokatu dira binaka eta bi partidu 40-39 eta 40-38 bukatu dira. Ostiralekoak markagailuan tarte haundixeagoa izan zuen, 40-28. Jon Eizagirrek, Iñaki Lizasok, Koteto Ezkurrak, eta Patxi Zeberiok jokatzen dute Masterra, gaur eguneko bi atzelari eta bi aurrelari onenek. Pelotariek binaka, hirunaka eta buruz buru jokatu behar dituzte partiduak, eta finala ere buruz buru erabakiko da. Sailkapena puntu sistema berezi baten bidez erabakitzen da eta tanteoa da kontuan hartzen dena. Lehenengo hiru partiduak jokatuta Jon Eizagirre da gehiena nabarmendu dena. Hirutik hiru irabazi ditu eta oraingoz berak atera ditu puntu gehiena. Zarauzko zagero beteranoak bi partidu jokatu ditu aurrean eta bietan erakustaldia emanda irabazi du. Horietako batean Koteto Ezkurra txapeldun haundiaren kontra. Ezkurra bigarren dijoa, Iñaki Lizaso hirugarren eta Patxi Zeberio da laugarrena. Hala ere, Masterra ez da hasi besterik egin, eta oso alde gutxi dago puntuetan. Masterrak denera 14 partidu ditu eta hurrengo hirurak ere binaka jokatuko dira. Ondorenean, hiru hiruren kontra jokatuko dute partidu bat eta gero beste sei buruz buru jokatu beharko dituzte, zazpi koadroren barruan. Eta hor puskatuko da txapelketa, pelotariek Kronikari diotenaren arabera.
Masterrak harrera ona
Master berriak harrera ona izan du antolatzaileen esanetan. Txapelketa urtea osatzeaz gain, erremontea formato berrian ikusteko aukera ematen du eta hori gustagarri gertatu da bai zaleentzat eta bai erremontistentzat. Erremontistek aitortu dute eskertu egin dutela halako gauza berriak probatzea: Guri bizia ematen digu, aliziente berezia du... eta abar izan dira erabili dituzten espresioak. Behar bada, apustu zaleak dira hotz samar dabiltzanak, pelotariak beren lekutik aldatuta zailagoa delako zer gerta litekeen tankera ematea.
Partiduak gaur Galarretan
Masterrak datorren ostegunean segituko du Galarretan. Gaur ere erremonte jaialdia izango da, ordea eta lau partidu jokatuko dira: Ibarzabal-Martinez/Etxeberria IV-Zubizarreta; Iñigo-Aizpuru/Altuna II-Urko; Juaristi-Aizpurua II; Agirresarobe-Agirre/ Uterga-Gaztelu. 16:00etan.
Zazpi koadroan buruz buru
Lehenengo Erremonte Masterrak ezusteko politak ikusteko aukera eman die pelotazaleei: Eizagirre zageroa Ezkurrari aurrean lotsagabe bezain fin jokatzen, besteak beste. Baina, Master berri honek duen berritasunetako bat da pelotariak buruz buru zazpi koadro barruan jarriko dituela, eskuzko lauterdikoaren pare. Zenbait proba ere eginak dituzte eta, zazpi koadroan jokatuta kantxa osoan baino partidu peloteatuagoak atera litezke, Kike Elizalde Galarretako intendentearen esanetan. Sakea bederatzigarren koadrotik izango da, eta materiala ere neurri horretara moldatuko dute. Pelota fuerteak eta altura gutxi hartzen dutenak jarriko dituzte.