Beatriz Fernandino, Kultura Batzordeko lehendakariari erantzuten, hauxe esan behar dut: Adierazgarria da, Udalak jarraitu duen prozesua daten bidez argitzea, zuretzat hernaniarrak `aspertzea` izatea. Kontua ez da Kultura Batzordearen proposamenen inguruan interesatzen diren pertsona indibidualak egotea. Garrantzitsua da, Hernanin kultura aktibitateak eta jaiak antolatzen dituzten pertsona eta taldeei errespetu minimo bat izan, eta puntualki informatuta edukitzea, araudia beraren eztabaida eta erabakietarako parte hartze prozesu ireki baten bidez. Eman dituzuen pausu guztietan, iritsi zaizkidan informazioak oker ez badaude behintzat, jakinarazpenak berandu iritsi dira, eta esan daiteke ez direla iritsi ere egin. Gustatuko litzaidake jakitea zein den nire hutsegitea (horrela izango balitz, ez nuke arazorik izango errektifikatzeko, nahiz eta eskura ditudan datuen arabera, hori ez da kasua); eta zuk `balio-juizioa` kontsideratzen duzu onartutakoaren eragin ekonomikoa azaldu eta nik galdera bat egitea (erantzunik gabe, gainera), bai errebisioa ahalbideratzen duen artikuluaren esanahi konkretuari buruz (adibideak jarri daitezke), eta baita diru-laguntza baliogabetzearen inguruan edo kultur aktibitatea antolatu duen taldeak jasotako kantitate ekonomikoa itzuli beharraren inguruan ere. Badaude taldeak eta pertsonak gure herrian kultur aktibitate eta jaiak egiten dituztenak, eta horiei beharrezko azalpenak ematea zor zaie. Seguru nago zuen aldetik jokatzeko `beste` modu bat eskertuko luketela. Nire aldetik, bukatutzat ematen dut prentsa bidezko idatzien truke hau, uste dut benetako eztabaida eta erabaki foroa, Kultura Batzordea eta araudi honek eragin dien gainerako talde, erakunde eta pertsonen arteko bilera bat izan behar dela; mundu guztiaren ikuspuntuak eztabaidatu ahal izango dira bertan, eta beharrezkoak diren erabakiak hartu, inolako baldintzapenik gabe. Espero dut, eta hala nahi dut, gure artean desadostasunak izanda ere, lanean jarraituko dugula Hernaniko Kulturaren alde.
Jon Oñate Lizarralde