KOLDO Azkoitia diputatuak joan den astean iragarri zuen Diputazioak txartel bakarraren sistemaz gain, bonobusa jartzeko asmoa duela herri arteko autobus lineatan. Bonobus horiek, aste osokoak eta hilabetekoak izango lirateke eta datozen hilabeteetan Lurraldebus osatuko duten konpainietan hasiko da erabiltzen, horien artean Hernaniko Garayar eta Areizaga.
Fidelizazioa eta irizpideak
Aralar alderdiak azaldu du, egitasmo horiek beren ekimenez onartu zirela 2006ko foru aurrekontuetako eztabaidan. Hala ere alderdi honen hitzetan deskontuak erabiltzaileen maiztasunaren arabera izango dira, eta ´fidelizazio` sistema hori ondo baderitzo ere, uste du erabiltzaileen irizpide sozialak kontuan hartu beharko liratekeela. Horregatik proposamen bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, bonobusa ezartzeko orduan unitate familiarraren diru sarrerak kontuan hartu ditzaten: ´Ezin dugu ahaztu, Foru aldundiak egiten duen bezala, badaudela kolektibo garrantzitsuak garraio publikoa erabiltzen dutenak eta diru sarrera murritzak dituztenak`, azaldu du Aralarrek. Bukatzeko, Aralarrek adierazi du administrazioaren betebeharra dela garraio zerbitzua eskaintzea: ´baita errenta bajuak dituztenei ere, eta horientzat garraio publikoa erabiltzeak ez lieke arazo ekonomiko larririk suposatu behar`, dio.
Zerbitzu arloko iritzia
Udaldeko Herri Lan eta Zerbitzu arloko zinegotziak, Andoni Amonarraizek, oso ondo baloratu du Diputazioak txartel bakarra eta bonobus sistema Hernaniko bi konpainietan jartzeko asmoa: ´Satisfakzio bat da ikustea bizilagun talde baten eskutik, Udalak abian jarritako gestioak bere fruituak eman dituela` azaldu du. Zinegotziak bonobusa bultzatu zuten hernaniarrak zoriondu ditu, bide batez.