Asier Larrañagak 11garren egin du Bartzelonako Maratoian, eta Hernaniko markarik onena jarri du

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 1a, 03:00

ASier Larrañagak 11garren egin zuen aurreko igandean Bartzelonako Maratoian eta Hernaniko markarik onena jarri du, 2 ordu eta 31 minutuko denborarekin (erritmoa: kilometroa, 3:35ean). Hernaniko markarik onena berak zuen orain arte ere, eta hobetu egin du iazko Martin Fiz maratoian egindako denbora (2:34:23). Asier Larrañagaren aurretik Roxario Pikabeak izan zuen hernaniarren arteko markarik onena. Bartzelonan 7.000 lagun inguruk hartu du parte maratoian eta irabazle Joseph Nguaram kenyarra izan da, 2:12:36ko denborarekin. Lehenengo zazpiak izan dira kenyarrak eta lau postu atzerago sartu da Larrañaga, sekulako postua eginda.

«Banekien marka ona egin nezakeela»
Hernaniarra ondo prestatua joan da Bartzelonara eta berak ere espero zuen marka ona egitea ´baina ez 11garren postuan sartu nintekeenik`. Urte batzuk badaramazki korrika Larrañagak, baina, serio azken 2-3 urteak. Bere hitzetan ondo ibiltzeko sekretua entrenatzea da eta bera gogotik aritu da: ´proba hau prestatzen urtarrilean hasi nintzen. Egunero joaten naiz korrika egitera eta proba aurreko hilabetean goiz eta arratsaldez ere bai`. Berarentzat korrika egitea ´droga bat bezalakoa` bihurtu da, lanetik atera eta beharrezko ´despejea`. Prestaketa korrika egiten du, pesak egitea eta ez baitzaio gustatzen. 34 urte ditu eta bere hitzetan beste dozena erdi bat edo geratzen zaizkio gora egiteko. Helburu bat jarria badu, eta ez samurra, 2:30:00tik jaistea. Behin denbora horietan minutu bat jaistea oso gogorra da ordea eta gogor entrenatu beharko du hernaniarrak. Hurrengo proba Behobia edo Donostiako maratoia egingo du eta hurrengo urterako Paris, Roterdam edo horrelako maratoi ospetsu batetara joateko kapritxoa dauka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!