Programa pilotu bat jarri dute martxan, euskararen familia bidezko transmisioa indartzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 1a, 03:00

BURUNTZALDEAN euskararen familia bidezko transmisioa indartzeko programa sektorial bat martxan jarri dute eskualdea osatzen duten udaletako Euskara Zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzak, HABEren bidez. Ostegunean prentsaurrean programa horren nondik norakoak eman zituzten.

‘Etxean zer ikusi, hura ikasi, zeuk duzu giltza’
Programa honen helburua da 2-3 urteko haurrak dituzten guraso euskaldunak sentsibilizatzea, euskararen familia bidezko trasmisioaren garrantziaz, eta honako lema jarri diote: Etxean zer ikusi, hura ikasi, zeuk duzu giltza. Programa honek jarraipena eman nahi dio Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak iaz egindako Euskararen transmisioa eta erabilera jardunaldiarekin. Programa pilotua aurrera ateratzeko material berezia sortu dute. Alde batetik aholku liburuxka bat kaleratu dute; bertan gurasoei hizkuntzaren inguruan sortzen zaizkien kezkak eta zalantzak argitzen saiatu dira. Bestetik, gurasoentzako liburuxka bat eman dute argitara; hizkuntza gaineko aholku zuzena eman beharrean psikopedagokiaren aldetik jotzen dute bertan, hizkuntza-ohiturak aldatzeko asmoarekin: ´hizkuntzaren ohiturak eta portaerak eguneroko errealitatearekin lotzen dira`, azaldu dute programaren arduradunek.

Ikastetxe eta osasun zentroak
Egitasmoak bi interbentzio gune nagusi ditu, ikastetxeak eta osasun zentroak. Lehenengoari dagokionez, Hernanin Langile ikastolan izan dira, bertako gurasoei galdetegia helarazi die hizkuntza ohiturak jasotzeko. Buruntzalde osoa orotara hartuta, azterketa horrek dio guraso bikotearen gehiengoak euskaraz dakien arren, etxean euskaraz egiten dutenen kopurua asko jaisten dela. Otsaila eta martxoan zehar hitzaldiak eman dituzte guraso euskaldunentzat, bai ikastetxeetan eta baita osasun zentroetan ere. Horien bidez proiektuaren berri emateaz gain, gurasoei gaiaren gaineko interesa piztu nahi izan dute.

Datuak
Hernanin biztanleen %54,77ak euskaraz daki. -Buruntzaldeko sei ikastetxeetan izan dira, horien artean Hernaniko Langile ikastola -Anbulatorioan eta ikastetxeetan hitzaldiak eman dituzte -Aholku liburuxka eta gurasoentzako liburuxka kaleratu dituzte

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!