Txistularien kontzertua bihar arkupetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko api. 1a, 03:00

HERNANI Musika Eskolako Txistulari taldeak kontzertua eskainiko du bihar, eguerdiko 12:30etan hasita, Udaletxeko arkupetan. Kontzertua musika eskolako ikasleek igandero egiten duten emanaldien egitarau barruan sartzen da eta txistulari taldeak aurten eskainiko duen bigarrena da. Guztira hiru kontzertu eskainiko dituzte urte osoan zehar. Biharko kontzertuan zortzi txistulari izango dira: Jon Ansorena, Iker Apaolaza, Patrizia Arozena, Iñaki Eguren, Haritz Ezeiza, Leire Goñi, Amaia Intxaurburu eta Eduardo Lizarraga. Guztira 11 piezatako errepertorioa prestatu dute entzuleen aurrean jotzeko.

´Hiru damatxo` eta ´Donostia` fandangoak
Errepertorio horretatik kontzertuaren antolatzaileek Hiru damatxo eta Donostia fandangoak nabarmendu dituzte, txistulari bakarlariek ´paper berezia` baitute horietan. Horretaz gain abesti herrikoiak eta Xabier Leterenak entzun ahal izango dira biharkoan eta doinu klasikoei nahiz plazarakoei tarte berezia egingo diete, Soinu Txiki kontrapasarekin, esaterako.

‘Saxoka’ eta ‘Leoka’ taldeak ondo Elgoibarren.

Hilaren 25ean Elgoibarko instrumentu taldeen lehiaketa izan zen eta bertan Hernaniko bi taldek hartu zuten parte. Saxoka taldetik (argazkian): Imanol Garcia, Lierni Mateos, Andrea Uzkudun eta Miren Peñagarikano saxofoiarekin; Ane Aierbe, Maddi Iradi, Oihana Erize eta Ane Apezetxea akoderdoiarekin; Imanol Galarza tronpetarekin eta Nagore Urreta pianoarekin. Leoka taldetik berriz: Mikel Berrondo, Beñat Alvarez, Iker Mujika, Aitor Ugarte eta Xabier Navarro saxofoiarekin; Miren Aierbe, Maider Ugalde eta Naroa Jaka akordeoiarekin; Jose Luis Movilla perkusioarekin eta Joseba Aranaz tronpetarekin. Saxokak 16 urte arteko lehiaketan bigarren saria lortu zuen eta Leokak 12 urte arteko mailan hirugarren postua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!