Hernani 3
Beti Gazte 1
Hernani: J. Franco, M. Aginagalde, J. Apezetxea, I. Sorondo, E. Goya, J. Gomez, I. Erkizia, U. Bakero, I.Vila, G .Urretabizkaia, A. Giraldo, M. Garcia, J. Garcia, J. Portillo, U. Arin, G. Molina eta O. Urbano.
Partidu erraza zelakoan zegoen Hernani eta larrutik ordaintzekotan egon ziren hori. Lehen zatian ez zuten estuasun haundirik pasa etxekoek eta Ion Erkiziak markagailuan bat eta hutsekoa jarri zuen. Lesakarrek joku zuzena erakutsi zuten, baina zelai erdian zein muga zituzten bazekitelako noski. Lau pase jarraian emateko gai ez ziren nafarrak eta baloi luzeak jarri beste aukerarik ez zuten. Atsedenaldian, horixe zioten Hernaniko ordezko jokalariek ere: `ez dugu estuasunik pasa. Ez gu ondo ari garelako, baina besteak ez dira oso onak`. Hori ikusita, lasaitu eta tentsioa galdu zuten zuriberdeek. Halaxe irten ziren bigarren zatian zelaira, erdi lo. Beti Gaztek ez zuen lehen berrogeita bost minututan baino hobeto jokatu, baina bi pase aski izan zituzten Julen Franco atezainaren ingurura iritsi eta banakoa sartzeko. Urduritasuna nagusitu zen Zubipen. Tentsioa galdu ezkero zaila da berriz partiduaren erritmoa hartzen eta oraindik zailagoa hiru umekerirengatik zortzi jokalarirekin gelditu ezkero. Iñigo Vila, Jokin Apezetxea eta Unai Bakerok txartel gorriak ikusi zituzten hurrenez hurren eta berez, etxekoen kaltetan hartutako erabakiak baziren ere, esnatzeko balio izan zuten.
Hortzak estututa
Amorratuta, aurrera egin zuen Hernanik eta kontraeraso batean 2-1ekoa egin zuen zelaira irten berria zen Joseba Portillok. Mikel Garciak partidua erabakita uzteko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu atezain lesakarrarekin buruz burukoan. Asmatu zuena Mikel Aginagalde izan zen. Falta bat buruz errematatu eta partidua erabakita utzi zuen atzelari hernaniarrak. Datorren asteburuan Idiazabalen aurka neurtu beharko dituzte indarrak Hernaniko mutilek.