Granadako olerkariari buruzko erakusketa Biterin, apirilaren 5era arte. Ehun eta gehiago postal Garcia Lorcari: artea, literatura eta memoria

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 26a, 03:00

Lorcak esaten zuen misterioak mantentzen gaituela bizi, eta badirudi Lorca oraindik bizirik dagoela, 1936ko abuztuko arratsalde hartan fusilatu zuten arren. 290 artistek postal bana bidali diote eta jadanik 130.000 lagunek ikusi duten kolekzio hori, lehen aldiz Gipuzkoan erakutsi dute, Hernanin.

EGUN hauetan erakusketa interesgarria dago ikusgai Biterin Ciento y... postalicas a Federico Garcia Lorca kolekzioa, Agustin Julian komisarioak sortua. Erakusketa Forum Filatelicok babesten du, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Hala ere, kolekzioaren titulartasuna Correos-ena da. Izenburuak berak dioen bezala, Federico Garcia Lorcari bidalitako postalek osatzen dute bilduma eta 290 artistak parte hartu dute bertan. 1998 urtetik, Estatuko hiri askotan erakutsi dute obra kolektibo hau, eta Euskal Herrian ere bitan izan da, Bilbon eta Iruñean. Leku guztietan kritika eta harrera oso ona izan du; 130.000 lagunek ikusi dute jadanik: ´jendeak gehien errepikatzen duen erakusketa da, behin ikusi eta berriz ere itzultzen da jende asko`, zioen Antxon Urrak, Forum Filatelicoko ordezkariak, erakusketaren aurkezpenean.

Ruiz de Eginok ere parte hartuko du
Agustin Julian komisarioak joan den asteazkeneko aurkezpenean jakinarazi zuenez, Aitor Ruiz de Egino hernaniarra izango da kolekzioari gehituko zaion azkeneko artista. Hala ere, Hernanin ezin izango da Eginoren obra ikusi. 290 artisten artean Txillidatarren hainbat lan aurkitzen dira, baina baita Urculo, Brossa eta Canogar ezagunak edo Angel Arbe eta Alicia Otaegi margolari nafarrak ere.

Ariketa intimo bat
Postal guztietan Lorcaren irudi berbera azaltzen da, baina artistak bere modura moldatua eta postalaren atzealdean, berriz, olerkariari zuzendutako idatzia irakurri daiteke: ´Atzeko idatziak aurrean dagoen obra argitzen du` dio Agustin Julianek. Bisitariak postalaren bi aldeak ikusi ditzan buelta ematen duen burnizko marko bat asmatu dute: ´ariketa intimo bat da` dio komisarioak, ´postala norberak bakarrik ikusi dezake eta gainera manipulatu egin behar du oso-osorik ikusi ahal izateko` gaineratzen du. Erakusketan arte disziplina guztiak daude eta kontzeptuak askotan errepikatzen dira: ´kointzidentzia kuriosoak badaude` azaldu zuen erakusketaren sortzaileak. Granadako poetaren surrealismoa ere aurki dezake bisitariak postaletan:, berak hainbeste aldiz erabilitako ilargia adibidez, bandoleroen ilargi beltza bihurtu zuena. Erakusketa arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte ikusi daiteke, apirilaren 5era arte.

1936: Sierra Morena eta Hernani

FORUM Filatelicoko Antxon Urrak azaldu zuen Hernani aukeratu zutela erakusketa jartzeko, herri honetan 1936an izandako fusilaketak gogoraztearren.
Gertaera haien 70garren urteurrena izango da aurten eta Joxan Rekondo alkateak aurkezpenean gogorarazi zuen horren arira hainbat ekitaldi antolatu dituztela urte osoan zehar, besteak beste, fusilatuen omenezko monumentu bat eraikiko dute hilerrian.
 
Lorca Sierra Morenan hil zuten
Federico Garcia Lorca ere fusilatuta hil zuten 1936ko abuztuan, Viznar herrian, Granadako Sierra Morenan. 38 urte zituen eta 27ko generazioko erreferente bihurtu zen Romancero Gitano olerki bilduma edo Yerma antzerki lanarengatik, besteak beste. Bere hilketak samin haundia sortu zuen literatura munduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!