Plenoak onartu du Arau Subsidiarioen proiektu proposamenari egindako alegazio txostena

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 31a, 03:00

ATZO Udaletxean egin zen Plenoak onarpena eman zion Arau Subsidiarioen proiektu proposamenaren gainean egindako alegazio txostenari. 35 hirigintza fitxatatik 16 moldatzea jasotzen du txosten horrek. Alegazio horiek joan den urtean jaso zituen Udalak, fitxak esposizioan jarri eta gero.

Etxebizitza berri gutxiago
Iñaki Arratibel hirigintza zinegotziak adierazitakoaren arabera, txostenak 2.500 etxebizitza berri inguru aurreikusten ditu Hernanin, Arau Subsiadiarioen proiektu proposamenak jasotzen zuena baino 2.000 etxebizitza gutxiago, beraz. Horrela, Eusko Jaurlaritzak jarritako etxebizitza kopurura egokitu nahi dutela azaldu du Arratibelek. Horietatik gehienak Santa Barbara, Galarreta, Florida eta Karobietatik kenduko dituzte. Etxearren egitekoak ziren etxeak (Cuesta de la Muerten) ez egitea proposatzen du txostenak. Horretaz gain, atzo onartutako txostenaren arabera Epeleko poligono industrialaren egitasmoa atzera bota dute, eta Altzuetakoa mantendu egingo da, nahiz eta erreka ingurua eta AHTa pasako litzatekeen lekua lur industrial bezala ez sartu. BH: ´Hirigintza ez da matematika hutsez egiten` Atzoko Plenoan Bildu Hernanik esan zuen Jaurlaritzaren informea ez dela alegazio txostenean azaltzen: ´espedientea Hirigintzan ez dago eta erregistroan ez digute orain arte erantzun` esan zuten. Era berean adierazi zuten pozten direla ´rebajak etorri direlako` baina oraindik ez dutela argi ikusten moldaketa horiek nola egin diren: ´hirigintza ez da matematika hutsez egiten, etxebizitzak hemendik kendu eta handik jarri, beste modu batean egiten da`, azaldu zuten. Bukatzeko, BHko kideek galdetu zuten ia hasierako proiektua egiteko irizpideak erredaktoreek ´airetik` atera ote zituzten eta gaineratu zuten proiektua ´hasieratik politikoena` izan dela. Udal Gobernuak BHri erantzun zion Jaurlaritzaren txostena erregistroan dagoela eta Arau Subsidiarioen proiektua irekia izan dela eta ´irekiago` izango dela hemendik aurrera. EB-Berdeak-ek Hernaniko hazkunde naturalaz gain inguruko herrietako hazkundea ere ikusi beharra azpimarratu zuen, etxebizitzak egiteko garaian; hala ere alde bozkatu zuen. PPk eta PSOEk ere alde bozkatu zuten.

Berriz ere esposizioan
Moldatutako fitxak esposizioan jarriko ditu berriz ere Udalak, apirila bukaeran hasi eta hilabeteko epean, Biterin. Hirigintza zinegotziak azaldu duenez epeak bete ezkero aurreikusten dute Arauen onarpen probisionala udara inguruan egitea.

AMR, Aitor Zinemak eta Nazaret misiolariak
Atzoko plenoan Udalak AMR Refractariosekin egitekoa zuen hitzarmena mahai gainean geratu zen, alderdi batek horrela eskatuta. Horretaz gain Aitor Zinematan etxebizitzak egiteko proiektuari onarpena eman zitzaion. Azken honi dagokionez, eztabaida izan zen kultur ekipamendurako erabili behar ote den hala ez eta PSOEko kide guztiak eta EB-Berdeak-eko beste bat abstenitu egin ziren. Bestalde Nazaret misiolarien inguruan (Villas auzoan) etxebizitzak egiteko eta berdegunea osatzeko hitzarmena onartu zuen Plenoak, eta baita denbora mugatuko aparkalekuak jartzeko egitasmoa ere.

Hirigintza batzordea gaur
Gaur hirigintza batzordea izango da eta bertan Txantxilla-Karabel etxebizitzetako hitzarmenaren ingurugiro azterketaz hitz egingo dute, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!