APIRILAREN 11tik 17ra Sahara ekialdean dagoen saharauiar errefuxatuekin pasako dituzte oporraldiak Ttarla dantza taldeko 6 irakaslek eta hauekin batean ibiltzen diren Musika Eskolako 2 txistulari eta trikitilari batek. Nagore Arraras dantza taldeko irakasleak bidaiaren nondik norakoak azaldu dizkio Kronikari: ´asmoa da trukaketa kulturala egitea bertako eskoletako haurrekin. Saharako desertuan bizitza monotonoa izaten dute eta bisitekin asko poztu eta animatzen dira. Guretzat oso esperientzia aberasgarria izango da`.
Bertan pasako dituzten egunetan eskoletako haurrei irakatsiko dizkiete euskal kanta, musika instrumentu, jolas eta dantzak. Bertako haurrek ere beste hainbeste irakatsiko diete eta asmoa da, bukaeran, noberak ikasitakoarekin jaialdi bat egitea.
Portuko festetan izan dira
dantzan Saharako haurrak
Nagore Arrarasek aipatu du idea Portuko festetako dantza jaialdiaren haritik datorrela, izan ere, Ttarlak urtero Portuko festetan egiten duen dantza jaialdian parte hartu izan dute Saharatik etorritako haurrek. ´Konplikazio gehiegi ez duten euskal dantzak irakatsi genizkien Saharatik etorritako haurrei eta erraz moldatu zirela ikusita, horiek irakastera joango gara orain Aaiunera. San Petit eta Txulalai dira dantza horiek` dio Arrarasek. Jolasak, aldiz, euskal jolasen bildumatik atera dituzte eta horietako bat da Pin Pon Pilota izenekoa.
Eskolako materiala eta
medikamenduak
Bidaia aprobetxatuko dute bertan beharrezkoak dituzten gauzak eramateko. Batetik medikamenduak eskatu dizkiete herriko farmaziei: begientzako medikamenduak, desertuko eguzki eta hondarrak kalte egiten baitie; eta beherakoarentzako medikamentuak ere eramango dituzte, edaten duten urak eragiten dituenak konpontzeko batez ere.
Bestetik, herriko ikastetxeei eskatu dizkiete koadernoak, boligrafoak eta horrelakoak, Saharako haurrek eskoletan erabili ahal izateko.
Bidaia ordaintzeko errifak eta
dendetan eltxetxoak
Bidaia ordaintzeko errifak atera dituzte eta Nagore Arrarasek eskertu nahi izan ditu Ttarlako haurren gurasoak, haien bidez errifa asko saldu direlako. Dendetan ere eltxetxoak jarri dituzte, nahi duenak lagundu dezan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!