GAUR pleno garrantzitsua izango da Udaletxean arratsaldeko 18:00etan. Puntu batean Arau Subsidiarioei egindako alegazioen txostena eta Arauen aldaketa aztertuko dira.
2.000 etxebizitza berri gutxiago
Alegazio txostenak 2.500 etxebizitza berri aurreikusten ditu, proiektu proposamenak baina 2.000 etxebizitza gutxiago. Horretarako Galarreta, Santa Barbara eta Karobietako hirigintza fitxak aldatuko dituzte, besteak beste, etxebizitza berrien kopurua murrizteko 35 hirigintza fitxetatik 16 aldatu dituzte eta Iñaki Arratibel zinegotziak azaldutakoaren arabera, batzuetan moldaketa txikiak izango dira eta beste batzuetan berriz sakonagoak. Epele auzoan industriarako lurren egitasmoa, adibidez, atzera botako dituzte, bizilagunek aurkeztutako alegazioari kasu eginez. Altzuetako erribera berriz industriarako izango da, baina aldaketa batzuekin.
Nazaret inguruko lurrak
Plenoan eztabaidatuko den beste puntu bat Nazareteko misiolarien etxe inguruko lurrei buruzko hitzarmena da (Villas auzoan). Inguru horretan 164 etxebizitza egingo dituzte eta horretaz gain, zenbait lur bertako berdegunea osatzeko hartuko ditu Udalak, hitzarmenaren bidez.
AMR eta Aitor Zinemak
Bestalde, baliteke AMRrekin dagoen hitzarmenaren onarpena atzeratzea eta Aitor Zinematan etxebizitzak egiteko planari onarpena ematea espero du Udal Gobernuak.