Extremadurako kultura ezagutzeko aukera ederra bertatik bertara

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 30a, 03:00

EXTREMADURARI buruzko 14garren jardunaldiak antolatu dituzte datorren astebururako Hernanin. Larunbat eta igandean bertako kultura eta jendea ezagutzeko aukera izango da, eguna giro atseginean pasatzeaz gain. Larunbatean, Biterin, arratsaldeko 19:30etatik aurrera Extremadurari buruzko ikus-entzunezkoa izango da eta segidan poesia errezitaldia, Emiliano Gañan eta Antonio Davilaren eskutik.

Igandean egun guztiko jaia
Igandean goizeko 10:00etatik aurrera Extremadurako produktuak jarriko dituzte salgai Atsegindegi Plazan: urdaiazpikoa, txorizoa, gazta, solomoa eta ardoa, besteak beste. Las Hurdes eta Guadalupeko artisau lanak jarriko dituzte erakusketan eta liburuak ere izango dira tartean. Festa girotzeko Donostiako Centro Cultural Extremeñoko Virgen de Guadalupe dantza eta koro taldearen emanaldiak izango dira: aurrenekoa eguerdiko 13:00etan eta bigarrena arratsaldeko 17:30etan.

Festak harrera ona
Extremadurako zentroko lehendakaria eta jardunaldien antolatzailea den Santiago Gilek dio festak harrera oso ona izaten duela hernaniarren partetik. Dioenez Extremaduratik 2.000 pertsona etorri dira herrira. Festa honek hernaniar guztien interesa pizten duela dio Gilek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!