Hernaniko kultur arteko elkarteak kultur ekintzak antolatu ditu aste honetarako, inmigrazioa eta arrazakeria gaia ardatz hartuta. Gaurkoan Carlos Ordoñezek hitz egingo du gizarte arrazakeriari buruz. Carlos Ordoñez Gipuzkoako S.O.S. Arrazakeriako kidea da. Hitzaldi debatea arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Biteri kultur etxean.
Erakundeak inmigrazioaren aurrean
Ostegunean, mahai ingurua antolatu du AMHERek erakundeak inmigrazioaren aurrean gaiaren inguruan. Bi hizlarik hitz egingo dute: Roberto Marrok, Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Zuzendariak; eta Agustin Unzurrunzaga, S.O.S Arrazakeriako kideak. Arratsaldeko 19:30etan, Biterin
Jai giroan bukatuko dira kultur ekintzak larunbatean
Kultur ekintzak borobiltzeko larunbatean nazioarteko sukalde eta espezialitate probaketa izango da Gudarien Plazan. Jana eta edana girotzeko musika eta beste hainbat emanaldi antolatu dituzte. Eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da.
Sentsibilizatu eta informatu
AMHER elkartea osatzen dute Hernanin eta kanpoan jaiotakoek. Urtean zehar elkartu eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatzen dute. inmigranteentzat aholkularitza zerbitzua ere ematen dute astelehenero, Iturritxo auzo elkarteko lokalen. Aste honetako kultur ekintzen helburua da informatzea, jendea sentsibilizatzea eta elkarbizitza bultzatzea.