Diputazioko Etorlur Elkarteak, Hernaniko Udalak eta AMR Refractarios enpresak hitzarmena sinatu dute Floridako lantegia Ibaiondo poligonora eramateko. Atzo Donostian egindako prentsaurrekoan hitzarmenaren xehetasun guztiak azaldu zituzten.
Lanpostuak, etxebizitza eta hiri erregenerazioa
Aurkezpenean azaldu zutenez, operazio honekin AMR enpresa Hernanin finkatzea eta aldi berean etxebizitza arazoari aurre egitea lortu nahi dute, Florida auzoko hiri erregenerazioa bultzatzeaz gain. Koldo Azkoitia Antolaketa eta Sustapen Diputatuak Etorlur elkartearen zeregina nabarmendu zuen. Floridan libre geratuko diren lurretan 277 etxebizitza eraikiko dituzte ´horietatik babestuak %20 izan beharrean %60 izango dira, Etorlurren gestioari esker`, azaldu zuen. Horretaz gain, Etorlurrek Ibaiondoko AMRren pabiloi berriaren eraikuntza gestionatuko du. Baina lehenik Hernaniko Udalak Arau Subsidiarioen errebisioa onartu beharko du. Iroshi Yamamoto AMRren lehendakariak azaldu zuen enpresak 100 urte daramazkiela Hernanin eta beste 100 urte behintzat egoteko esperantza duela ´interes komunak` daudelako.
1997tik datorren asmoa
Joxan Rekondo Hernaniko Alkatearen hitzetan 1997tik dator AMR lekuz aldatzeko asmoa, nahiz eta bere garaian ezin izan zuten egin: ´operazio honetan ez da espekulaziorako lekurik eta etxebizitza eta lana sustatzen dira, hirigintza egiteko eredu bat da`, azaldu zuen.
277 etxebizitza
Floridan 277 etxebizitza egingo dituzte bost bloketan (ezkerreko argazkiko eremuan), horietatik 111 tasatuak (92m2 + garajea, 147.000 euro) eta beste 56 alokairuzko babes ofizialekoak. Gainerakoak libreak izango dira. Etxebizitza horien zozketan sartu ahal izateko oinarriak oraindik finkatu gabe daude, baina Azkoitiak azaldu zuen gipuzkoarrentzat izango direla eta horietatik kupo bat Hernanin erroldaturik daudenentzat. Babes ofizialeko etxebizitzak 2011an adjudikatuko dituzte.
Pabiloi eta makinaria berria
AMRk gaur egun 16.577 m2-ko eremua okupatzen du, 12.000m2-ko pabiloiarekin. Ibaiondon 32.359m2 izango ditu eta 18.000m2ko pabiloi bat eraikiko dute. AMRk makinaria berritu eta enplegu kalitatea hobetzeko asmoa du baita ere.
Epeak
2006ko martxoa: Hitzarmena sinatu.
2007ko martxoa: Arau Subsidiarioen onarpena eta pabiloia eraikintzen hasi.
2008ko amaiera: Pabiloi berria entregatu
2008-2010ean: Langitegia lekuz aldatu.
2011an: Etxebizitzak eraiki. Babes ofizialeko etxebizitzak adjudikatu.
2012 amaieran: Tasatutako etxeak entregatzen hasi.