Kamiseta berriak indar eman zien hernaniarrei eta CAU Valenciari egurra eman zioten etxekoek, 27 eta 10. Hernanik bost puntu lortu zituen atzo: garaipeneko lau eta lau entsaio baino gehiago egiteagatik bestea. Puntu bakarra nahikoa zuen beheko mailara jaisteko promozioa saihesteko, baina, bost punturekin Valencia bera eta Durango pasa egin ditu Hernanik sailkapenean eta laugarren bukatu du, ohorezko postuetan. Hernanik bost entsaio egin zituen atzo: Iker Apezetxeak 2, Thierry Lameisonek 1, Asier Insautik 1 eta David Pelazek 1. Transformazioa Harkaitz Ruiz de Garibaik sartu zuen. Ondo jokatu zuten etxekoek eta erakutsi zuten osatu xamar dagoenean talde gogorra dela Hernani.
Lesioen urtea
Denboraldiaren balorazio gazi-gozoa egin zigun atzo Joxe Elosegik, Jon Iraolarekin batean entrenatzaile denak. Atzo ondo jokatu eta laugarren postura igota gustora zegoen, baina, denboraldi gorabeheratsua izan du Hernanik, oso ondo hasi eta pattalxeago bukatu baitu: ´aurten lesioek kalte haundia egin digute eta denboraldian ez dugu talderik errepikatzerik ere izan eta jendea postuz aldatuta-eta moldatu behar izan dugu`. Kategoria honetan jokatzeak esfortzu haundia eskatzen duela dio Elosegik (entrenamenduak direla, partiduak Katalunian, Valentzian...), eta jokalariak profesionalak izan gabe zaila dela inplikazio guzti hori izatea. Aurten beharbada pixka bat relajatu egin direla uste du Elosegik: ´iaz lehen urtea zen Ohorezko B mailan eta tope mentalizatuta zegoen jendea, baina, aurten pixka bat relajatu egin dira jokalariak`. Hurrengo urterako blokea mantentzea espero du Elosegik eta jubenilen batzuekin indartzea. Erronka inplikazioa bilatzea izango da.
Orain Kopa
Liga bukatuta Euskadiko Kopan zentratuko da Hernani, irabazi egin nahi baitute iaz bezala. Oraingoz aurrenak dijoaz.