«Konponbide demokratikorako oinarriak autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna dira»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 27a, 03:00

EZKER Abertzaleak antolatuta ekitaldia izan zen atzo Plaza Berrin, Orain Herria Orain Bakea proposamena aurkezteko. Karmele Urbistondo eta Joseba Permachek hitz egin zuten eta beren hitzetan azken aldiko gertaerekin prozesu demokratiko baten atarian egon gintezke. Konponbide demokratiko baten oinarriak autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna direla azpimarratu zuten eta egungo markoak gatazkari konponbidea emateko baliagarriak ez direla. Gatazka gehiago luzatzerik ez dagoela gaineratu zuten Ezker Abertzaleko bi kideek.

Ezker Abertzalearen lana
Atzo esan zutenez, mahai gainean dauden proposamenak, su etena eta abar ezin dira ulertu Ezker Abertzaleko gizon-emakumeen lana kontuan izan gabe eta aurrera ere lanean jarraitzeko deia egin zuten: ´jabetu behar dugu norberaren lanak zer garrantzia duen, masa borrokak zer garrantzia duen`. Beren hitzetan, lana, borroka eta konpromisoak eramango gaitu ´independentziaren atarira`. Bestalde, alderdi, erakunde eta eragileek ´diskrezioz` elkarrekin elkarrizketak hasi beharko lituzketela esan zuten ´prozesu demokratiko baterako oinarriak zehazteko`. ´Lana eta borrokan gelditu zaizkigunei, eta kartzelan eta ihesean dabiltzanei` omenaldia zor zaiela esan zuten atzoko ekitaldian.

Bilborako deia
Urbistondo nahiz Permachek datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestaziorako dei egin zuten ´herritarren parte hartzea ezinbestekoa delako`.

Elkartasuna
Horrez gain, ´Arnaldo Otegi eta deklaratzera deitu dituzten beste guztien` egoera salatu zuten eta ´elkartasun osoa` azaldu zien atzo Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!