Bihar hasi eta maiatzaren 6ra arte neurtuko dira erremonteko lau jokalari onenak, Master Insalus txapelketan, Galarretan eta Iruñeako Euskal pilotalekuetan. Koteto Ezkurra, Patxi Zeberio, Iñaki Lizaso eta Jon Eizagirrek bi bitara, buruz buru (7 koadroren barruan) eta hirunaka (Altuna I eta II tartean direla) jokatuko dute. Punturik gehien lortzen duten bi pelotariak buruz buru neurtuko dira frontoi osoan. Masterreko txapelduna konpetizio guztietan puntu gehien lortzen dituen pelotaria izango da.
Bikoteak nahasian
Bi bitara 6 partidu jokatuko dira bikoteak aldatuta. Lehenengo partidua bihar izango da Galarretan eta bi aurrelarik bi atzelariren kontra ari beharko dute: Ezkurra-Zeberio II/Eizagirre-Lizaso. Bikotekako partiduak apirilaren 13 arte izango dira eta gero hirunakako partidua jokatuko da apirilaren 15ean: punturik gehien daramakien aurrelaria, punturik gutxien daramakien atzelariarekin eta Altuna Iarekin, gainerako biak eta Altuna IIaren kontra.
Buruz buru, 7 koadrotan
Apirilaren 17tik maiatzaren 1era buruz buru jokatuko dute lau pelotariek elkarren kontra. Master guztian zehar punturik gehien lortu duten bi pelotariek berriz, finala jokatuko dute frontoi guztian. Txapelduna puntu gehien biltzen dituen pelotaria izango da eta horretarako puntuazio sistema berezi bat jarriko dute: bi bitara eta hirunaka ateratako tantoen laurdena + buruz buru ateratako tantoen erdia eta finalean ateratako tantoak gehituko dira.
Ikusgarria
Atzo izan zen aurkezpena Galarretan eta azaldu zutenez txapelketa ikusgarri bat egin nahi izan dute Insalus ur markak patrozinatuta. Insalusek erremonte eskola bultza eta erremontea bizirik mantentzen duten guztiak omendu nahi ditu eta txapelketa hau izan da lehen urratsa ´etorkizunari begira pentsatua eta jendearentzat ikusgarria`. Lehen partidua bihar izango da Galarretan, 16:00etatik aurrerako jaialdian.