Euskal Herria eta Catalunya aurrez aurre kick boxing-ean, Playen

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 23a, 02:00

PLAY aretoan jaialdi ikusgarria antolatu dute larunbaterako. Bertan kick boxing konbateak izango dira 18:00etan hasita eta bi hernaniarrek hartuko dute parte, Ekaitz Domingez eta Imanol Navarretek.

Euskal Herria eta Cantalunya
Jaialdia Antiguoko Kuraia Sport gimnasioak antolatu du eta bertan hamaika konbate ikusiko dira. Alde batetik Euskal Herria eta Catalunya arteko txapelketa izango da, Kuraia gimnasioko bost lagun (horietako bat Dominguez hernaniarra, iaz Espainiako txapeldun) Catalunyatik etorritako beste bosten kontra arituko dira, konbate bakoitzak bi minutuko hiru asalto izango ditu. Bestetik Espainiako Txapelketako bi konbate antolatu ditu Kuraiak Playen larunbaterako. Konbate profesionalak izango dira, hau da, protekzio gabekoak eta bakoitzak bi minutuko bost asalto izango ditu.

Imanol Navarreteren debuta
Horretaz gain, beste hiru konbate izango dira Playen, debutanteek hartuko dute parte bertan eta horien artean aurkitzen da Imanol Navarrete. Hernaniarrak Kronikari azaldu dio duela hilabete batzuk ari dela kick boxing-ean, lehenago boxeoan ere ibilia bada ere. Urduri ez dagoela dio Navarretek, hala ere aitortu du ingurukoekin gehiegi ez hitz egiten saiatzen dela ´horiek jartzen naute urduri, konbateari buruz hitz egiten hasten direnean`, dio. Helburua pixkanaka hastea du eta kick boxing konbate bat zer den ezagutzea.

Kick boxing-a, ezagutarazten
Kuraia gimnasioko borrokalariek esandakoaren arabera, kick boxing-a pixkanaka ezagutarazten ari den arte martziala da: ´lehenago boxeoa bakarrik ezagutzen zen, baina orain jendea gehiago mugitzen ari da`, diote. Udaran izan ezik, gainerako urte sasoietan sarri izaten dituzte konbateak. Kick boxing-ean besoak eta hankak erabili daitezke kontrarioa jotzeko. Larunbatean Grappling konbate bat ere izango da, arte martzial honetan lurrean borrokatzen da batez ere.

Sarrerak 10 euro
Antolatzaileen aurreikuspenek jende asko espero dute Playen. Sarrerak 10 euro balio ditu, 15 euro ring ondoko aulkietan eseri nahi izan ezkero. Sarrerak Playen erosi daitezke, ordu erdi aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!