Tiloak bota eta kioskoa aldatzeari alegazioa aurkeztu dio Gobernu Taldeak

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 22a, 02:00

JOAN den astean Bildu Hernanik egindako kritiken inguruan, Jose Antonio Cuesta obretako zinegotziak azalpenak eman ditu. Cuestak azpimarratu du udalak zabaldu egin duela proiektua publikoan jartzeko epea, jendeak kontsultatu ahal izateko. Horrez gain dio ´talde tekniko batek erredaktatu duen proiektuaren ezaugarri zehatzei buruz` udal taldeak berak alegazioak jartzeko asmoa duela.

Zenbait alderdirekin ados ez
Cuestak Kronikara bidalitako oharrean dio proiektuko zenbait alderdirekin ez daudela ados eta Gobernu Taldeak berak alegazioak aurkeztuko dizkiola ´hala nola tiloak botatzeari edo kioskoaren kokapen berriari`. Horrez gain, Atsegindegi plaza estaltzeak izan duen arrakasta ikusita, Tilosetako frontoia estaltzeko aukera aintzakotzat hartu beharko litzatekeela uste du Cuestak ´jendeak egokia baderizkio`.

Denbora aurreratzeko
Zinegotziak azaldu du egoera normaletan proiektua publikoari erakutsi aurretik eskatuko lituzketela aldaketak, baina, horrek prozesua luzatuko duela dio Cuestak eta premiazkoa ikusten dute ´Tilosi berehala irtenbide bat ema-tea`. Proiektua bera hernaniarren ideiei esker hobetu litekeela uste du Gobernu Taldeak ´eta horregatik erabaki dugu erakusketa publikoa ez luzatzea eta aldaketak, momentu hau baliatuz aurkeztea`.

Hernaniarrei deia
Cuestak dei egin die hernaniarrei proiektuaren inguruko beren alegazio eta proposamenak egin ditzaten ´Tilos oso toki preziatua da hernaniarrentzat eta ziur gaude euren ekarpenak ingurunea hobetzeko baliagarriak izango direla, izan ere urtetan zehar erabat utzita egon da eta berau berreskuratzea beharrezkoa eta premiazkoa da gure ustez`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!