‘Txirrita Hernanin 2006’ emanaldia Biterin, hil zeneko 70garren urteurrenean

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 22a, 02:00

Joxe Manuel Lujanbio
Txirrita hil zela 70 urte bete dira aurten eta Latxen jaiotako bertsolari haundia gogoratzeko emanaldia antolatu dute Txotx denboraldiko ekitaldien barruan. Bapatean nahiz bertso jartzen artista izan zen hernaniarra eta garai hartako bertso jarri nahiz bapateko famatuenak bereak izan dira, gutxi gehiago. Hil aurrean Euskal Herriko Bertso Txapelketa ere irabazi zuen. Azken samarrean jarri zuen bertsoetako baten bukaerak honela dio: Pixka batian ez naiz ahaztuko sartuagatik lurpian nere aipamenak izango dira beste larogei urtian Hirurogeita hamar pasa dira eta oraindik oso gogoan dute bertsozaleek Txirrita eta Hernanin, bere jaioterrian, are eta gehiago.

Bertso zahar eta berri
Larunbatean, beraren bertsoak eta bertso berriak izango dira Biterin, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirreren ahotik eta Joxan Goikoetxeak musikaz lagunduta. Emanaldia, arratsaldeko 20:00etan hasiko da Biteriko areto nagusian. Txirrita Hernanin izango da 70 urteren ondoren eta txotx denboraldia, oraingo bertsolaritza, oraingo Hernani eta abar izango ditu bertsotarako gai eta baita garai bateko bere bertsoak ere, oraindik aktualitaterik galdu ez dutenak. Sarrera dohain izango da eta aldez aurretik banatuko dira. Nahi duenak Biteritik pasa eta izango du hartzeko aukera (bakoitzak 2 gehienez).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!