Zuk zuzendutako bi film labur ikusi ahal izango dira Hernanin, aspaldi egin zenituen, ezta?
BAI Txotx filma Telmo Esnalek eta biok egindako lehenego film laburra izan zen eta arrakasta haundia izan zuen. Filma egiteko ideia sagardotegi batean okurritu zitzaigun, txotxa sartzen den zulotik behatz bat aterako zela imajinatu genuen eta anekdota surrealista horretatik abiatu ginen familia baten herentzia arazoak kontatzeko. 40 ezetz filma aldiz, nekazal munduak istorio mordoa gordetzen dituelako egin genuen. Idi-demetan bada pertsonaje bat idiaren kaka kubo batekin jasotzen aritzen dena, harria irristatu ez dadin, horren harira etorri zen film hori egiteko ideia.
Eta zein baliabide erabili zenituen film horiek egiteko?
Film batek eskatzen dituen baliabide guztiak. Bost edo sei egun behar izan genituen errodatzeko eta aktore eta teknikari profesionalak erabili genituen horretarako. Hala ere inork ez zuen kobratu. Ezagunak genituen guztiak eta muxutruk egin zuten lan. Azkenean Diputazioak eskupeko txiki bat eman zigun; denei kantitate berdina. Euskaraz egin izan duzu lan... Ia dena euskaraz egin dut bai, hori da nire hizkuntza eta hobeto moldatzen naiz. Hala ere gogoan dut txotxongiloei buruzko lan bat egin genuela eta hura erdarazkoa zen.
Eta zinea euskaraz egiteak eragozpenik ekarri al dizu? Nolabaiteko zailtasunik?
Uste dut konpleju asko ditugula oraindik euskaraz lan egitean eta horiek alde batera utzi behar ditugu euskarazko zinea egiteko orduan. Zailtasunik ez dut izan. Agian produktoreen aldetik bai, dirua lortzeko garaian eta abar, baina bestela bat ere ez. Film laburrak adibidez, festibaletan ikusten dira gehiena, eta jaialdi horietara zinea gustatzen zaion jendea joaten da. Jende horrek gustora hartzen du zinea euskaraz egitea, azkenean zinea bera aberasteko modu bat baita. Guretzako euskarazko zinea egitea ez da eskubide bat soilik, behar bat da.
‘Aupa Etxebeste’ film luzeak arrakasta haundia izan du. Zein balorazio egiten duzue?
Balorazio oso positiboa, fenomeno sozial bat izan baita. Hasieran produktoreek errezelo batzuk bazituzten, gaizki aterako ote zen, baina erantzuna sekulakoa izan da, batez ere Gipuzkoan. Jendea erruz joan da zine aretoetara pelikula ikustera.
Eta zer konklusio ateratzen duzue arrakasta horretatik? Ate gehiago ireki al dizkizue?
Batez ere konfidantza eman digu pelikula horrek, alde batetik gai garelako horrelako zerbait egiteko eta bestealdetik ikusi delako merkatu txiki bat badagoela euskarazko zinearentzat. Hori oso berri ona da.
Film laburren zirkuitoa: Biterin ikusiko direnak:
Txotx - 15’
Sinopsia: Sagardotegi batean bildutako lagun talde bat bertako familiak usadio eta herentziei buruz duen eztabidaren lekuko da.
Zuz.: Asier Altuna eta Telmo Esnal. Akt.: Pako Sagarzazu, Arantxa Izeta, Kandido Uranga, Josu Garmendia eta gehiago.
Sarabe - 15’
Sinopsia: Martin Espetxetik atera da eta bere familiari egindako bidegabekeria bat mendekatzeko herrira itzuliko da.
Zuz.: Beatriz de la Vega. Akt.: Martin Zabala, Susana Aiestaran, Josetxo Lucas Txema Nuñez, Kike Zelaia, Patxi Bisquert eta Candido Uranga.
Haragia - 13’
Sinopsia: Lasa eta Zabala, Txile, Argentina, Irak, Gerra Zibileko fosak... horietan lurperaturik dauden hildakoak dira film honen gai nagusi: ´Hor azpian bizi dira gure maitatu guztiak norbaitek aurkitu arte, eta planeta osoa dago halakoez josia`.
Zuz.: Bego Vicario.
Hauspo soinua - 16’
Sinopsia: Aitak semea aiton-amonekin utziko du egun batzuetan eta honek mundu ezezagun bat ezagutuko du horien baserrian.
Zuz.: Inaz Fernandez. Akt.: Patxi Ugalde, Iñigo Urkia, Kike Diaz de Rada, Eskarne Aroma eta Unai Azkona.
40 ezetz - 15’
Sinopsia: Idi-dema batean, herri osoak egundoko dirutza galduko du idi pare faboritoaren alde apostu egin eta gero.
Zuz.: Asier Altuna eta Telmo Esnal. Akt.: Kandido Uranga, Jose Ramon Soroiz, Ane Gabarain, Pako Sagarzazu eta Isidoro Fernandez.