TOLAREA, gipuzkoako Sagardo Naturalaren Hernaniko Kofradiak, XI kapitulua izango da datorren martxoaren 19an. Bertara beste kofradietako kideak gonbidatzen dituzte eta sagardoaren inguruan ekitaldia eta bazkaria egiten dituzte. Kofradiak urtero ohorezko kofradeak izendatzen ditu eta jakinarazi dutenez aurten honakoak izango dira: Toti Martinez de Lezea, idazlea; Andoni Egaña, bertsolaria; Axentxio Intxauspe Aranburu, Itxasburu sagardotegikoa eta Hernaniko Parrokiko korua.
Goizetik eguerdira arteko egitaraua
Ospakizuna goizeko 11:00etan hasiko da, txalapartarekin, kofradia ezberdinetako kideei harrera eginez, Biterin. Goizeko 11:15etan Txantxangorri elkartean hamaiketakoa egingo dute. Eguerdiko 12: 15etan, ohorezko kofradeekin eta kofradia guztiekin desfilea izango da banda eta txistulariek lagunduta. Eguerdiko 13:00etan, aurreskua dantzatuko zaie ohorezko kofradeei eta ekitaldi nagusia egingo da Biteriko areto nagusian, ohorezko kofradeei omenaldia eginez. Bukatzean Ozenki abesbatzak emanaldia eskainiko du. Ekitaldia bukatuta denak Itxasburu sagardotegira joango dira bazkaltzera.