GAUR kontzertua izango da Biterin Hernaniko Hernasax musika taldea eta Ordiziako Oroith abesbatzaren eskutik. Kontzertua Hernaniko Musika Eskolak antolatua da eta 20:15etan hasiko da, kultur etxeko areto nagusian.
‘Hernasax’ Roberto Pachecok zuzenduta
Hernasax taldea Roberto Pacheco musikariak zuzenduko du eta talde honetan saxoa, pianoa eta teklatua uztartzen dituzte. Zehazki esateko saxo soprano eta altuan Itsaso Pacheco eta Mikel Elola ariko dira; eta saxo altuan Aritz Ostolaza, Imanol Garcia eta Ander Loiarte. Horretaz gain, saxo tenorra ere izango da, Mikel Perez eta Iker Loiarteren eskutik eta Zipri Otxandorenak eta Edgar Carbajok berriz saxu baritonoa joko dute. Garazi Castelarrek egingo ditu piano lanak eta Garazi Garmendiak teklatuarenak. Guztira bi pieza joko ditu Hernasax taldeak: Bob Mintzerren kuartetoa hiru mugimendutan; eta Over the rainbow Harold Arlem-ek egina eta Calvin Custerrek moldatua.
‘Oroith’, Goierriko ahotsa
Gaurko kontzertuan Ordiziako Oroith taldea ere izango da. Abesbatza 1985ean sortu zen eta nazioarteko hainbat sari lortu ditu, Tolosan eta Hungarian, esaterako. Estatu mailan ere asko dira abesbatza honek lortutako sariak eta bidaia ugari egin ditu, Austria, Erroma eta Vaticanora, besteak beste. Katrin Iturraldek zuzendutako talde honek apirilean Ejea de los Caballeroseko Sari Nagusian aurkeztuko duen errepertorioa eskainiko du, sei abestiz osatua.