Negu hotz eta lehorrak paso eman dio udaberriari

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 21a, 02:00

IGARO berri den negua hotza eta lehorra izan dela diote jasotako prezipitazio eta tenperatura datuek. Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziak emandako informazioaren arabera, hotza izan da negu honetan protagonista nagusia. Hernanin Ereñotzun dagoen estazio hidrometeorologikoan jasotzen dituzte datu guztiak, eta hori da udalerriko erreferentzia (Ereñotzutik Hernaniko beste auzoetara aldaketa batzuk izan daitezke).

Otsaila hilabete lehorrena
Hernanin otsailean egin du euri gutxien eta metro karratuko 50 litro bakarrik jaso dira hilabete horretan; abenduan 118 litro jaso ziren; urtarrilean 140; eta martxoan 157 litro jaso dira orain arte. Aurreko urteekin konparatuta, negua lehorra izan da. Duela bi urteko neguan esaterako 678 litro ur jaso ziren metro karratuko Ereñotzun, abendutik martxora (aurten 465 izan dira guztira jasotakoak).

Zazpi graduko bataz besteko tenperatura
Tenperaturari dagokionez, negu hotza izan da eta tenperatura ohizkoenak 5 eta 7 gradu artekoak izan dira. Abenduan egin du hotz haundia, eta abendutik martxorako bataz bestekoa 7 gradukoa izan da negu honetako tenperatura, duela bi urteko neguan baino gradu eta erdi gutxiago. Lehengo urteko negua aurtengoaren antzekoa izan zen tenperatura aldetik, baina elurra egun gehiagotan egin zuen. Udaberria berriz, iragarpenek diote bustia datorrela.

Gabon gaua gaurik hotzena
Estazio hidrometeorologikoan jasotakoaren arabera, negu honetako gaurik hotzena abenduaren 24koa izan zen, -3,5 gradu jaso baitziren orduan. Aldiz, tenperatura beroena martxoaren 8an jaso zen, 20 gradutara iritsi zen termometroa orduan. Euri gehien berriz martxoaren 11ean egin zuen, 38,5 litro metro karratuko jaso ziren orduan (Urumeak gainezka egin zuen Landaren egun horretan), horietatik 27 litro ordubetean bakarrik. Otsaileko lehenengo 15 egunetan 0,3 litro ur besterik ez ziren jaso Ereñotzuko estazioan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!