Hernani Santiago bidean

Kronika - Erredakzioa 2006ko martxoaren 16a

Esaera zaharrak dioen bezala `Bide guztiek Erromara daramate` eta Europatik Santiagora iristeko ere bide bat baino gehiago daude. Euskal Herritik pasatzen diren bi dira ezagunak: Kostaldekoa eta Frantziako bidea. Lehenengoa Irunen hasten da eta bigarrena, berriz, Orreagan. Bada, hala ere, Euskal Herritik pasatzen den beste bide bat, Barrualdeko Bidea. Azkeneko bide horrek aukera ematen du apenas sei egunetan gure herrialdea ezagutzeko. Hori ere, Kostaldeko bidea bezala, Irunen hasten da eta leku hauek gurutzatzen ditu: Oiartzun, Hernani, Tolosa, Zegama, San Adriango tunela eta hemendik barrena Araban sartuko da. Ibilbide horrek Frantziako Bidearekin bat egiten du Ozkabarten, Santo Domingo de la Calzadan. Antzina jendeak ezagutzen zuen bide hori ez azkarrena izateagatik, segurua eta jendetsua zelako baizik; ondo hornitua zegoen eta hilabete gogorrenetan ere nahikoa erosoa zen. Orain dela bi mende protagonismoa galdu bazuen ere, orain berriro erabiltzen hasi dira, ibilbideak berde eta urre koloreko bide interesgarria izaten jarraitzen baitu. Toki batzuetan ikus daitezkeen erromatarren galtzada zahar baten arrastoek erakusten digute garrantzitsua izan zela. Arrasto horiek aurkituko ditugu, besteak beste, Gipuzkoatik Arabara pasatzeko igarotzen dugun San Adriango tuneletik gertu. Pasabide hori Aizkorri eta Altzaniako mendateen artean dago, Lizarrate harkaitzaren bihotzean. San Adriango pasabidea indarrean zegoenean, bertatik erregeak, printzeak, gudalosteak, bandolero, gaizkile, iheslari era erromesak pasatzen ziren. Barnean, etxeak, ukuiluak, taberna, kapila... zeuden. Dorretxe moduan funtzionatzen zuen eta zaindari eta alkaide bat ere bazituen. Pertsonaje horietako bat Europako pertsonarik nagusiena zela esaten ibiltzen zen. Izan ere, bere aurrean erregeek ere burua makurtu behar izaten zuten; ez zen gezurretan ari; Araba aldeko tunel ahoa oso altuera gutxikoa da eta zaldiz zetorrenak txapela kendu eta burumakur pasa behar izaten zuen.

Barrualdeko Bidea
210 kilometro inguru dituen bideak sei etapa ditu Euskal Herrian eta Errioxan beste bat:

1.Irun-Andoain 28,4 km.
2.Andoain-Beasain 36,6 km.
3.Beasain-Zalduendo 34,3 km.
4.Zalduendo-Gasteiz 29,4 km.
5.Gasteiz-Argantzon 19,9 km.
6.Argantzon-Briñas 23 km.
7.Briñas-Ozkabarte edo Santo Domingo de la Calzada 25 km.

Lehenengo etapa Hernanitik pasatzen da eta herria zeharkatzeko zenbait proposamen daude.
Lehenengoa: Santiagomenditik Astigarraga herrira doa, eta handik Ergobia auzora. Ergobiako zubia pasa ondoren, ezkerretara hartu behar dugu, trenbide ondoko bidean zubi azpitik pasa (hor ikusiko duzue marka bat), eta Floridako auzora iritsiko gara. Hemen Sagastia ermita zegoen, XVIII. mendean desagertu zen, erre egin zen-eta. Hemendik Zinkoeneara joango gara. Antzina Magdalenako ospitalea zegoen bertan. Erdigunean sartu, Gudarien plazara jarraituko dugu eta udaletxea eta San Juan Bautista eliza aurkituko ditugu. Udaletxeko arkupe azpitik pasata, ezkerretara jo eta hor ikusiko dituzue bidea markatzeko beste seinale batzuk. Berehala aurkituko dugu XVIII. mendeko Gurutze Santuaren Humilategia eta beheraxeago Leoka iturria eta garbitokia. Aurreraxeago trenbideko tunela pasa behar da. Pasa aurretik hurrengo seinalea ikusiko duzue, eta Portu auzora iritsiko gara. Aurrera jarraitu, erreka txiki bat zeharkatu, eta eskuinera jo ondoren, Urnietarako bidea hartuko dugu.

Bigarrena: luzexeagoa, baina berdea eta aurrekoa baino politagoa. Astigarragatik aterako gara GI-131 errepidearen paraleloan doan ibilbideari jarraituz Ergobia auzorantz. Auzoko etxe batzuen atzetik pasako gara eta industrialdetik jarraituko dugu, Gurutzeta sagardotegi aurretik pasa arte. Oialume auzorantz joko dugu eta bertan dagoen zubia pasako dugu. Etxe batzuen artean pasa ondoren, errepidera itzuliko gara. Hemen bi errotonda aurkituko ditugu. Lehenengoan ezkerretarantz joko dugu, oinezko pasabidetik pasa eta bigarren errotondara iritsiko gara. Hori ere ezkerretik hartuko dugu, beste oinezko pasabidetik barrena aurrean bidegorri bat aurkitu arte. Bidegorriari jarraitu behar diogu. Gasolindegira eta gurpilen pabiloi batera iritsi ondoren, ezkerretarantz jo, eta laster eskuinean dagoen zubitik ibaia zeharkatuko dugu. Hernaniko lehen etxeak dira. Trenbide azpitik pasako gara, tunel batetik, eta ezkerraldera hartuko dugu Hernani erdiko geltokiraino. Eskailera tarte luze batetik igoko gara. Karkabatik hirigunean sartu, Kale Nagusian igo eta Gudarien plazara iritsiko gara. Hemendik aurrera lehenengo bideak eta bigarrenak bat egiten dute.

Lotako lekurik ez
Lo egiteko eta jateko leku dezente badaude ere, herrian aterpetxe bat falta da. Erromesek ez daukate leku egokirik lo egiteko, deskantsatzeko edo garbitzeko. Hala ere, udalak badu proiektu bat: garai bateko udal jangela, hau da, kiroldegi ondokoa, egokitu nahi dute aterpe bat egiteko. Izan ere, orain dela urte batzuk udal jangela une batean sortutako beharrei erantzuteko erabili zuten aterpe moduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!