Noiztik zaude bertso munduan? Zeinekin hasi zinen?
Hamaika urterekin hasi nintzen Urumea ikastolan modu xelebre batean, bertsoak idazten jakin gabe, joku bezala lagunen artean zirikatuz. Gregoriok, gure bertsotako lehen irakaslea izanik, proposatu zigun bertso eskolara sartzea. Hortik aurrera gure irakasle kontsideratzen duguna Jon Eizmendi izan da.
Zer izan da bertso eskola zuretzat?
Niretzat oso inportantea izan zen bertan bertsotarako teknika ikasi genuelako. Gaur egun bertsotan gabiltzan gazteak ia denak bertso eskolatik sortutakoak gara.
Bertsolaritza gizonen mundua izan denez, diskriminatua sentitu al zara inoiz?
Gaztetan gogorragoa izan zen neska gutxi ginelako eta mutilak beraien artean harremantzen zirelako, baina beti modu atsegin batean. Plazetan, berriz, bertsolari gehienak helduak eta nahiko paternalistak ziren. Gainera herrietara eramaten gintuzten kuriosidade bezala eta horrek eman zigun aukera gehiago kantatzeko.
Ez al da arriskutsua doinu berri bat Txapelketara eramatea?
Bai, arriskutsua da, entzuteko inkomodoa. Doinu berri bat ez dakizu non hasten den eta non bukatzen den; beraz, jendea ez da testuan fijatzen doinuan baizik. Horregatik, entzuleak nahastu egiten dira. Han ez nuen lortu testua eta doinua ondo lotzen.
Zein da zure helburua, Txapelketa Nagusia eskuratzea?
Txapelketa aspirazio bat da, baina helburua egunerokoa da, astebururo kantatzen dugu eta prozesua hobetzea nahi dugu, artista plastikoek bezala, perfekzionatu eta koherente izan gure ideiekin.
Garai bateko bertsolariak herrikoak ziren, gaurkoak, ordea, lizentziatuak... Asko nabaritzen al da?
Lehengo bertsolariek funtzio desberdina zeukaten, ez gaur egun bezain zabala, baina igual espezializatuagoa. Gainera, publikoa ere beraien modukoa zen. Orduan bat egiten zuten. Gaur egun, oihartzun handiagoa dauka, saioak egiten dira hirietan, unibertsitatean, eskoletan… edozein kontestutan. Beraz, bertsolariak lizentziatu izateak ematen dio helera edo akzesu bat beste gai batzuetara. Hala ere, gaur egun lehen bezala bertsolariak egokitzen dira entzulearengana. Bertsolaritza gizartearekin eboluzionatzen duen gauza bat da.
Nola ikusten duzu bertsolaritzaren etorkizuna? Ba al daude gazteak zaletasuna dutenak?
Itxura ona dauka, zaletasun handia dago, bertso eskolan ume asko dabiltza, errekonozimendua izan du eta prestigioa irabazi du.
Udal Euskaltegiko
ikasleei bertsoa
Mende laurden bat bertso
eskolaren sokan
hara ta hona gabiltz,
ta oraingo hon(e)tan
euskaltegira zuek
animatzekotan.
Urteetan zabiltzate
hitzekin borrokan,
beste hogeita bost baino
lehenago bertsotan!
Maialen Lujanbio