Ostiral arratsalde batean Bertso Eskolara joan ginen bertsotan nola ikasten duten ikustera. Kultur etxean eta Elkano kalean biltzen dira. Hernaniko Bertso Eskolan momentu honetan sei irakasle ari dira: Arnaitz Lasarte, Estitxu Eizagirre, Amaia Otxotorena, Oier Iurramendi, Unai Gaztelumendi eta Gorka Tolosa; eta hogeita hamabi bat ikasle, hiru taldetan banatuta. Oso gazte has daiteke eta, normalean, 8 bat urte dituztela hasten dira; nahiz eta aurten badauden bi kasu berezi, lau urtekoak. Irakasleek kontatu digutenez, ikasle zaharrenek maila batetik aurrera ez dute behar irakaslerik, nahikoa dute, beraien artean praktikatzearekin, saiatzeko eta hobetzeko. Honela, Bertso Eskolak lortzen du afizioa mantentzea eta elkarren artean harreman berezia izatea. Umeekin ere hitz egin genuen eta esan ziguten edozein joan daitekeela, baina bertsoak ikasteko euskaraz hitz egitea dela inportantena. Astean ordu betez joaten dira eta ariketa desberdinak egiten dituzte, esate baterako, lau errima jarri, bertsoak osatu, koplak...
Lehengo eta oraingo idoloak
Batzuk joaten dira bertsoak gustatzen zaizkielako eta beste batzuk, berriz, familiagatik. Gazteenek idolo pila bat dituzte, adibidez, Txirrita, Lazkao Txiki, Maialen, Egaña... Umeak izan arren, maila ona dute eta prestatuak daude herriz herri joateko. Dagoeneko kantatu dute Goizuetan eta Arrasaten.