Bi Lujanbio, TXIRRITA eta MAIALEN, bi garairen erakusle handi, bata, tradizioarena; eta, bestea, gaur egungo Hernaniko Bertso Eskola arrakastatsuaren adibideetako bat. Bien artean, ordea, tradizioa ez da eten, izan dira zubi lana egin duten bertsolariak, ez hain ezagunak, baina ezinbestekoak. Besteak beste, Tturko, Aterpe, Garin.
Orain dela 25 urte hasi zen Hernanin bertso taldearen historia, gaur egun eskola ospetsua bihurtu dena. Garai hartan Amurizak eman zuen ikastaro batetik hasi ziren bertso taldearen lehenengo pausoak. Handik abiatuta jaio zen bertso eskolaren mugimendua ere. Juanjo Uriak kontatu digunez, Langile ikastolatik deitu zioten, bertsoak ikasle artean zabaltzeko. Iñaki Zelaia eta Jose Luis Urdangarin, berriz, Urumea ikastolatik datoz, eta kontatu digute Don Manuel apaizarekin hasi zirela bertso kontuan; eta Ereñotzuko ikastolan, berriz, Anatxen ardurapean hasi zen beste talde bat. Oso argi zeukaten denek helburua ez zela bertsolariak ateratzea, helburu nagusia zela umeengan bertso zaletasuna sortzea. Langilen sortutako taldeak eta Urumean sortu zenak, batzeko beharra ikusi zuten eta hortik jaio zen gaurko Bertso Eskola 1990 urtean.
Hasiera zaila
Bertso eskolek ez zuten izan hasiera samurra. Bi iritzi zeuden. Alde batetik, bertsolari batzuek, besteak beste Lazkao Txikik, esaten zuten bertsolaria jaio egiten zela, ezin zela ikasi eskola batean. Bestalde, Amuriza eta beste batzuk bertso eskolen alde zeuden. Baina gaur egun ikus dezakegu bertsolari gehienak bertso eskoletatik ateratzen direla. Material falta ere beste zailtasun bat izan zen. Hasieran nahikoa oztopo aurkitu zuten materialik ez zegoelako, baina gogo handiz ekin zioten lanari. Bertso zaharrak, koplak eta liburu zaharrak biltzen hasi ziren eta Euskal Herriko beste bertso eskolekin harremanetan jarri ziren materiala prestatzeko, Mikel Mendizabalek (Ikastolen Federazioko Bertsolaritza Koordinatzaileak) lagunduta. Bertso Taldearen izenak ere, IRAULIO PANTTALONE, bere historia badu. Bertso Taldea, frontoi atzean dauden aldageletan elkartzen zen eta erabaki zuten taldeari izen bat jartzea, jendeak bertso eskolarekin nahastu egiten baitzuen. Taldekide bakoitzak eraman behar zuen izen bat eta, azkenean, bi izen gelditu ziren, erabaki ezinik: horietako bat `Iraulio`, hau da, gazteak ziren eta guztia `irauli` nahi zuten. Bestea, berriz, Panttalone, Italiako juglare ospetsu bat, bertsolariak ba omen dute-eta zerbait juglaretik. Ez ziren ados jartzen eta beraietako batek ideia bat izan zuen: bi izenak batzea. Eta handik sortu zen Iraulio Panttalone izena.