Larunbatean berriro bete zen karpa Sagarrondotik’06 kontzertuetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 20a, 02:00

Atzo herri kiroletan urnietarrek irabazi zuten. Jende izugarri joan zen atzo Urnietara eta ikuskizun ederra izan zuten.

jendetzarekin hasi eta jendetzarekin bukatu du Sagarrondotik’06 festak. Larunbateko kontzertuek berriz bete zuten Landare aurrean jarrita zegoen karpa eta 5.000 lagun inguru bildu ziren bertan. Karpa kanpoan beste txosna bat jarri zuten antolatzaileek eta giroa aprobetxatuta, gustora ibili zen jendea batera eta bestera. Kontzertuari errematea Betagarri taldeak eman zion eta karpa osoa saltoka jarri zuten gasteiztarrek.

Herri kiroletan Urnieta nagusi bigarren urtez

Atzo eguerdi pasa izan zuten Urnietan, sagardo probaketa, artisau azoka, txekor jatea eta herri kirolak prestatuta baitzeuzkaten. 10:00etan ez zegoen inor asko Urnietako plazan, baina, 11:00etatik aurrera etenik gabe hasi zen jendea inguratzen. Azkenerako, plaza leporaino betea eta jaki eta edariak agortuta. Espero zen bezala, herri kirolek ikusmin haundia piztu dute aurten, joan den urtean arrakasta haundia izan baitzuten. Lau herrik neurtu zituzten indarrak eta Urnietak irabazi zuen, bigarren urtez segidan. Bigarren Usurbil gelditu zen, Hernani hirugarren, eta Astigarraga laugarren. Hernaniarrek ez zuten lan txarra egin dena dela, eta 8 probetako bat, harri jasotzea, irabazi egin zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!