DUELA aste batzuk San Markos Mankomunitateak 2005 urtean sortu eta birziklatutako hondakinen berri eman zuen. Bertako arduradunek azaldu zuten iaz lehenengo aldiz sortutako hondakin kopurua gutxitu egin zela %3,41. Datu horiek herriz herri eman ditu orain Mankomunitateak eta horien arabera Hernanik bataz bestekoa gainditu du sortutako zaborra %5,69 gutxituta.
1,15 kilo egunero hernaniar bakoitzak
Zehazki esateko Hernanin 7.917.780 kg hiri-hondakin sortu dira 2005 urtean, beraz, pertsona bakoitzak bataz beste 1,15 kg zabor sortu du egunean. Horietatik 5.368.290kg zabortegira joan dira zuzenean, inolako tratamendu eta bereizketarik jaso gabe. Horren arabera hernaniar bakoitzak 2005 urtean 285kg hondakin utzi ditu San Markos zabortegian, iaz baino %5,69 gutxiago, esan bezala.
Gehiago birziklatu da
Dena den, kopuru osoaren %32,19 birziklatzera bideratu da, guztira 2.549.490kg. Gehienbat papera, beira eta plastiko kontenedoreetara zuzenean botata birziklatu da (kontenedore urdin, berde eta horiak), baina baita beste bilketa batzuen bidez ere: komertzioetako kartoia, ostalaritzako beira, ikastetxetako materiala, arropa eta abar. Hain zuzen, birziklatzeak gora egin du Hernanin azken urte honetan eta 2004an baino %1,63 material gehiago eraman dute birziklatzera hernaniarrek. San Markos Mankomunitate osoan igoera haundiagoa izan da ordea, %2,87, birziklatutako materiala hondakin guztien %31,71ra iritsiz. Hala ere Hernanik birziklatutako materialetan bataz bestekoaren gainetik jarraitzen du.
Udalak herritarrak zoriondu ditu
Hernaniko Udalak prentsa ohar bat bidali du hiri-hondakinen inguruko datu horiei buruz bere iritzia ematen. Ohar horretan Udalak dio hiri-hondakinen arazoa ´larria` dela eta ´horri aurre egiteko guztion ahalegina` behar dela. Sortutako zabor kopurua gutxitzea ´joera baten aldaketa` dela azaldu du Udalak, izan ere orain arte gehitu egin da urtez urte zaborra. Udalak herritar guztiak animatu ditu ´ingurumenaren, eta era berean, ongizatearen alde apustua egiten jarraitu dezaten`. Udalak dio joera adaketa hori martxan jarri zuten Hernani Garbia kanpainaren ondorio izan daitekeela. Kanpaina iaz jarri zuen martxan Zerbitzu Publikoetako sailak eta horren bidez bizikidetza arauak errespetatu eta kaleak garbi mantentzeko beharra ezagutarazi nahi izan zen: zaborrak eta altzariak botatzeko ordutegien berri eman, txakurren kaka jasotzeko poltsa makinak jarri, eskuorriak banatu... Bukatzeko Andoni Amonarraiz Zerbitzu Publikoetako zinegotziak hernaniarrak zoriondu nahi izan ditu, esanez birziklatze portzentai hori ´udalerrian gai honen inguruan dagoen kontzentziazio sakonaren erakusle` dela.
San Markos aurten itxi dezakete
San Markos zabortegiaren kota maximoa laster gaindituko da, gaur egungo zabor produkzio erritmoarekin jarraitu ezkeroz. Mankomunitateko Batzarrak ostegun honetan adostutakoaren arabera, 2006 urtean zabortegia ixteko proposamena egin du. Itxiera Diputazioarekin sinatutako akordio bati eta baita Donostian errauskailu bat eraikitzeko tramiteak hasteari lotuta dago. Horretaz gain, Donostia eta Lasarteko Udalerriei dei egin die itxiera gauzatzeko beren konpromezua azaldu dezaten. Azkenik, San Markosek azaldu du, errauskailua eraikitzeko lehen tramiteak hasi izanak garantia bat ematen diela gainerako Mankomunitateekin zaborren gestioa negoziatzeko errauskailua eraiki bitartean.