ABENDUAREN 2an atera ziren Hernanitik, helburu batekin, munduan hegoaldeena dagoen herritik hasi eta Kolonbiako mugaraino iristea, Hegoamerika guztia gurutzatuz. Horretarako tresna edo garraio modu bakarra, bizikleta. Andeetan barrena Txile, Argentina, Bolivia, Peru eta Ekuadorretik pasatzea dute asmoa eta dagoeneko 3.500 kilometro eginak dituzte, horietatik 2.000 kilometro inguru pista-bidetik ´ripioan` argentinar hizkeran. Tukumanen daude orain, Atahualpa Yupankik ilargiari kantatu zion lurraldean.
Bost aldiz gurutzatu dute Txile eta Argentina arteko muga
Hegazkinak Buenos Airesen utzi zituen bi hernaniarrak. Argentinar hiriburuan izan ziren astebetez. Guztira 14 milioi biztanle bizi dira inguru guzti hartan eta duela urte batzuetako krisiaren ondorioz horietatik erdia probrezian bizi da momentu honetan. ´Hizketarako doain haundia dute eta ahal duten guztietan gelditu egin gaituzte hitz egiteko`, diote bi bidaiariek hiri hartakoei buruz. Baina benetako bidaia Ushuaian hasi zuten, Tierra de Fuegon, Antartidatik 1.000 km eskasera. Haizea izan dute etsai nagusi ´ez dakit nola baina haizea beti kontra izaten dugu` diote. Patagonia osoa pasa dute, Txile eta Argentinako muga bost aldiz zeharkatuz. Hala ere diote muga hori askotan birtuala besterik ez dela, nahiz eta kasu batzutan nahiko arriskutsua izan zaien gurutzatzea: ´Tierra de Fuegoko aldean, adibidez, bi herrien arteko muga minaz josia dago, mina horiek txiletarrek jarriak...` azaldu dute. Patagonia oso ezberdina da Txileko aldetik edo Argentinako aldetik, gure txirrindularien hitzetan: Txile euritsua eta menditsua da, berdegoa; Argentinan aldiz Patagonia laua da eta lehorra, basamortu baten antzekoa.
Parke nazionalak eta errepide australa
Bidean hainbat parke nazional gurutzatu dituzte eta leku ikusgarriak ikusteko aukera izan dute: Perito Moreno glaziarra, Cerro Torre mendiak, Peine lurraldea... Txileko errepide australean ere ibili dira denbora luzez: ´20 urte besterik ez ditu errepide honek, Pinochet-ek hasi zuen eta oraindik bukatzeko eta asfaltatzeko dago, 1.000 km inguru ditu` argitu digute bidaiariek.
Hernaniar gehiago bidean
Sorpresaz beteriko bidaia izaten ari da Mitxel eta Igorrena. Bidean beste hernaniar bat aurkitu dute, Ibon Zapiain. Antiguoko Aitorrekin batera gure bi lagunen kontrako bidea egiten ari dira Quitotik Ushuaiara ´kontzidentzia gehiago ez da posible!` diote. Hernaniarrek blog bat ireki dute www.hegoamerikatxirringaz.blogspot.com argazkiak jarri eta bidaiaren berri emateko. San Joanetako itzultzeko asmoa dute: ´Bitartean ondo pasa Sagarrondotik-en!` agurtu dituzte guztiak.