Virginia Imaz Oihulari Klown antzerki taldeko umoristak generoa eta umoreari buruz hitz egin du aste honetan Hernanin, Martxoak 8aren bueltan antolatutako ekitaldien barruan. Bere esanetan, emakumeei gehiago kostatzen zaie parra egitea, emakumeari ez zaiolako garrantzia sozialik ematen. «Umorea azken batean delako garrantzia duen horri garrantzia kentzea». Eta arrazoi beragatik, emakumeari buruzko umorea egitea ere zailagoa izan da, tradizionalki emakumeek bere gain izan dituzte zereginei (pertsonen zaintza, heziketa, etxeko lanak...) ez zaielako transzendentzia sozialik eman. Alde horretatik, Virginia Imazen esanetan, emakumeak «gauza garrantzitsuak egiteaz gain, garrantzia soziala eta publikoa ere lortu egin behar ditu, gero umorearen bidez kentzeko». Baina, era berean, Imazek azpimarratu egin zuen egunerokotasunaren garrantzia errekuperatu behar dugula, afektuen mundua eta orain artean emakumearena izan den unibertso hori guztia. Arriskatu eta horrekin umorea egin, eta parra egin. «Ni horretan saiatzen ari naiz. Urte batzuk badaramazkik etxeko gauzak epikoak egiteko ahaleginean. Eta izugarri ari zait kostatzen. Ez dakit nola egin. Baina, sortzaile gisa oso aberasgarria da bide horretatik inor ez delako joan lehenago, edo joan izan direnak (orain arte) modu txarrean joan direlako, etxeko lanen berri jakin gabe. Gaur egunean bai, gizonak ere sartu dira mundu horretan, eta umorean ere ari dira gauzak egiten. Bidea egiten ari gara».
«Graziarik ez dugula entzun behar izan dugu askotan» Virginia Imazen hitzetan, emakumeak askotan entzun behar izan du umorerik ez duela ere. «Emakumeok askotan parra egin izan dugu inongo graziarik egiten ez zigun gauzekin. Gizonezkoen graziekin egin behar izan dugu parra, batez ere publikoan, hala tokatzen zelako. Eta parrerik egin ez dugun kasuetan, sosa batzuk ginela entzun behar izan dugu». Imazek kontatu zuen bere emanaldietan emakume dezente etorri izan zaizkiola eta aitortu sekula ez zutela hala parrerik egin. Eta horrek erakusten du arazoa erreferente eta identifikazio kontua dela, Oihulari Klowneko umoristaren esanetan.
Gizonezkoari begira Virginia Imazen ustez, gaur egunean telebistan eta beste medioetan umorea egiten denean, gizonezkoari begira egiten da, batez ere sortzaileak gizonezkoak direlako. «Umorea egiten dugunean, zeinentzat egiten dugu? Ba, senez, gu bezalakoak direnentzako. Nik ez diet gizonezkoei ezer atxakatzen, nik eskatzen dudana da barietate gehiago egotea. Ez naiz ari esaten ezer soberan dagoenik, defizit bat dagoela baizik. Planteamendua desberdina da».
«Plazerra moztu egin digute» Imazen iritziz, kultura judeokristauak ere zaildu egin du emakumea umorearen mundura sartzea. «Emakumeoi plazerra anputatu egin digute. Gizonezkoei ere bai, baina guri berrogeita hamar aldiz gehiago». Era berean, Imazek uste du mendeetan parra eta beste sentimendu batzuk nabarmentzea gaizki ikusi izanak bere arrastoa utzi duela. «Oraindik ere zenbait egoera publikotan parra egitea gaizki ikusia dago, eta emakumea bada oraindik okerrago» dio umoristak. «Emakumea publikoan beldurtu liteke, eta gizona publikoan hasarretu ere bai.
Umorea, etxean eguneroko arazoei aurre egiteko lagungarri
Umorearen ezaugarrietako bat da umoregai den horrekiko distantzia hartzea, eta alde horretatik umoreak aukera asko ematen ditu eguneroko etxeko arazoei aurre egiteko, Imazen esanetan. «Hasarretzea ondo dago, eta gainera guri hori ukatu egin izan digute. Baina hasarretu egin behar da behar denarekin, behar den momentuan, behar den lekuan, eta behar den gauzagatik. Eta hori ez da inoiz gertatzen». Imazek emakumeei proposatu zien arazoari alderdi komikotik heltzeko eta probatzeko estrategia berriak. «Bizitza gogaikarria da benetan, eta aukera ematen du arazo ber-bera behin eta berriz estrategia askorekin konpontzen saiatzeko» bota zuen umorez.
«Umeen jokabide errebelde askoren ardura geuk dugu» Umeekiko harremanetan ere umorea fundamentala dela uste du Virginia Imazek. «Askotan geroni gara umeek dituzten joera errebelde eta antisozialen arduradunak». Umeekiko tratuan gure benetako jolasa izaten da ea zeinek lezakeen gehiago. Iruditzen zaigu guk ahal dugula, eta umeak ere bere indarra probatu egiten du. Eta beti ezin dituzu kontrolatu. Umeak hazi egiten dira. Beraz, norgehiagoka hori lokura bat da». Beraz, umorea paper oso garrantzitsua du heziketan, Imazen arabera. Baina, umorea norbere buruari aplikatu behar zaio, umeen jokabideak norberari eragin diotenari buruz egin behar da umorea. Kontua ez da umea umilatzea gauza jakin bat egin duelako, eta bere aurrean parra egitea. Era berean, horrek ez du esan nahi, Imazen hitzetan, gauzak oker egindakoan zuzendu behar ez direnik, eta erakutsi behar ez zaienik. Nola egin da kontua. Eguraldia, jolasa eta umorea Klimak eta umoreak zer ikusia dutela ez da topiko bat bakarrik, eta umetatik dator esplikazioa. «Eguraldi txarra edo euria egiten duenean zer gertatzen da: umeak etxean daude, etxeko bronka eta gora-beherak ikusten dituzte, eta, kalean ez daudela, jolaserako denbora gutxiago dute. Eta jolasean ibiltzea oso garrantzitsu da ume guztientzat, eta baita guretzat ere». Gauzak horrela, eta hemen ia gehienean eguraldi txarra egiten duenez, norberak bere mikroklima sortzera animatu zuen jendea Virginia Imaz umoristak.