Sagardo kofradiak Ohorezko 4 Kofrade berri izango ditu gaurtik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 19a, 02:00

toti Martinez de Lezea idazlea, Andoni Egaña bertsolaria, Axentxio Intxauspe sagardogilea eta Hernaniko Parrokiko Korua Ohorezko Kofrade izendatuko ditu gaur, Tolarea Sagardoaren kofradiak. XI. Kapitulua ospatuko du Tolareak eta dena prest daukate egun guztiko festarako. Goizeko 11:00etan txalaparta doinuarekin hasiko dute festa, gonbidatutako Kofradiei ongi etorria eginda, Biteri kultur etxean. 11:15etan Txantxangorri elkartean hamaiketakoa izango dute. 12:15etan, Txistulariek lagunduta desfilea egingo dute Ohorezko Kofradeek eta gonbidatutako Kofradiek. 13:00etan Aurreskua dantzatu eta Biteriko Areto Nagusian XI. Kapitulua ospatuko dute eta bertan izendatuko dituzte Ohorezko Kofrade Martinez de Lezea, Egaña, Intxauspe eta Parrokiko Korua. Lau Kofradeek zin egin eta gero, Ozenki abesbatzak kantaldia eskainiko du. Ozenki abesbatzak azken hiru urteetan kantatu du egun honetan eta aurten ere hiruzpalau abesti eta bertso batzuk kantatuko dituzte. Kapituluari bukaera bazkariarekin emango zaio, 14:30etan Itxasburun (omendutako Axentxio Intxausperen sagardotegian).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!